Focos (FC) - Certain Women, Kelly Reichardt, AEB, 2016, 107' - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak

Certain Women, Kelly Reichardt, AEB, 2016, 107'

Foco: Kelly Reichardt

Certain Women, Kelly Reichardt, EEBB, 2016, 107'

Filmaren hasieran oharkabean pasa ezin den zerbait entzuten da. Pantaila beltzean zaldi baten metalezko bridak entzun ditzakegu, norbait cowboy estiloan zaldi gainean gutxika mendirantz aldenduko balitz bezala. Ondoren, filma Montanako landa-paisaia batekin hasten da: tren batek aurrera egiten du urrunean eta horren karga-bagoien triki-trakak zaldi “ikusezina” desagerrarazten du. Beraz, plano bakarrean Ipar Amerikako paisaiaren bi aro ikus ditzakegu: zaharra, natiboena eta konkistatzaileena; eta modernoa, herrialdea punta batetik bestera gurutzatzen duten makinena. Hitzaurre minimalista da, Reichardtek egin ohi dituenen tankerakoa. Baliteke honako hau esan nahi izatea: “Paisaia hauetan animaliak, pertsonak eta istorioak egon ziren. Geratu dena bizitza horietako batzuen kontaketa eta behaketa da”.

Zuzendariaren eta Jonathan Raymond idazlearen arteko lankidetzak forma berezia hartu oraingo honetan: Maile Meloy idazlearen hiru kontakizun laburren egokitzapenak egin ditu. Literatura eta zinema, berriz ere; hori atzera begirako hau aurkezteko lehen testuan ere nabarmendu genuen: Kelly Reichardten film guztiak kontakizunaren, narrazioaren, pertsonaien eta haien keinuen zentzu argi batek zeharkatzen ditu. Kontua ez da liburuetako testuak edo elkarrizketak zinemara egokitzea, baizik eta testu horien irudiak eta tempoa egokitzea. “Fikziozkoak diren paisaiak” da bere lanaren errepasoko lehen testuetako baten izena. Eta baliteke Certain Women bere film-kontakizun handia izatea.

Zinema egiteko duen moduari buruz ikasten ari garenez, narratiba berriaren tradizioari buruz dakigunaren arabera (Raymond Carverretik Maile Meloyra, Adrian Tominetik Alice Munrora), periferia ere historiaren parte da. Horrek arreta eskatzen du; izan ere, kontakizuna itxuraz garrantzizkoa ez den zerbaitekin ere osatuta dago: begirada bat kafetegi batean, pertsonaia nagusia ez den beste pertsonaia nagusi bat, Hooper estiloko argi naturalez argiztatutako gela bat, ibilaldi bat ibai baten ondoan, adierazten baina kontatzen ez dena… Eta kontakizunak pertsonaien barruan gertatzen dena ere eransten du, aurreko filmetan ikusi dugun bezala.

Certain Women hiru emakumeren eta hiru emakume horien inguruko pertsonaien istorioa da. Ezer ezean bizi den komunitate baten kontakizuna da Certain Women. “Hemen bizi izan zen jende hori, eta hauek dira gertatu zitzaizkien gauzetako batzuk”, esango luke trenaren eta zaldiaren paisaiari buruz imajinatu dugun hitzaurre horrek.

Laura (Laura Dern) abokatua da eta bere txakurrarekin joan ohi da bulegora. Laurak askotan egiaztatu du bere ahots profesionalak ez duela beste gizon batzuen ahotsak adina balio. Laurak ezkutuko istorio bat du Ryan bere maitalearekin, baina ez dugu ia ezer jakingo horren inguruan. Laura da Fuller jaunaren kasua eramateaz arduratzen dena, lan-istripu baten ondorioz enpresatik bota zuten gizajoa. Filma ikusten dudan bitartean ohar batzuk hartzen ditut: “Indioak merkataritza-gune batean”; “Autoan musika countrya jarrita dagoen bitartean negar egitea”; “Samoako tronuaren oinordekoa”. Lehen istorio honen izaera politikoa ere jasotzen dut: Night Movesen hiru pertsonaia sistemaren aurka matxinatzen ziren; oraingoan, Certain Women filmean enpresan gutxietsi duten langile batek bidegabekeria horren aurka egiten du. Eta Laura, nolabait, konpainia egitera behartuta dago.

Ginak (Michelle Williams) kirola egiten duen bitartean erretzen du. Ginak, dirudienez, “desplazamenduaren” ideiarekin zerikusia duen zerbait sentitzen du: bere lekuarekin eta denborarekin deskonektatzea. Ryanekin duen harremana ez dago momentu onenean. Eztabaidatu egiten du Guthrie alaba nerabearekin. Eta dirudienaren arabera, keinu erraz batekin konpon daiteke: Ginak imajinatzen du basoan eraikitzen ari diren etxeak eskola zaharreko, aitzindarien garaiko, harria izan beharko lukeela. Ginak, antza denez, iraganaz eta etorkizunaz hitz egiten dion tradizioarekin lotzeko beharra du. Filma ikusten dudan hau idazten dut: “Galeperrek egiten duten bezala txistu egitea”. Kontakizun honekin batera dugun istorio garratza Albertena da, bakarrik bizi den eta Ginak harriak erosi nahi dizkion gizon zaharrena.

Azken istorioa neguko zelaiaren erdian arrantxo batean lan egiten duen neska batena da (Lily Gladstone), baita eskolan gaueko eskolak ematen dituen zuzenbideko irakasle batena ere (Kristen Stewart). Zoragarria da bien arteko topaketaren eta irakaslearen pertsonaiak arrantxoko neskarengan pizten duen liluraren istorio hau. Eta, momentu horretan, filma bere jatorrizko soinura itzultzen da: zaldiaren kaskoak eta bridak gauean, zineman ikusi den maitasun-sekuentzia politena inguratzeko.

Hau idazten dut filma ikusten dudan bitartean: “Elurra zaldien gainean”. “Zergatik gaueko eskolan dauden helduek ez dute inongo interesik hezkuntza publiko eta doakoaren historian, baina eguneroko gai praktikoetan bai?”; “Maite duzun norbaitek egindako errepideko ibilbidea errepikatzean, maite duzula esaten ari zatzaizkio”.

Hiru istorioek elkar ukitzen dute modu sotilean eta gero banandu egiten dira, ez baitute dena azaldu beharrik, gogo-aldartea, sentiberatasun komuna ehuntzea nahiago baitute. Hiru istorioek epilogoa dute, eta, amaitzean, hutsunea eta urduritasuna eragiten dute, ikusi nahi duzun norbait berriz ez ikusteak eragiten duena, filmak amaitzen direnean pertsonaiez galdezka jarraitzea eragiten duen hori. Zer gertatu da Laura, Gina, Lily eta Kristenekin?

Kelly Reichardtek, beste behin ere, agian inoiz baino zehaztasun eta sotiltasun handiagoz eta jada sendoa den ibilbide artistikoarekin, laguntasun- eta bakardade-kontakizuna zabaltzen du paisaian. Melodrama minimalista bat.

Zuzendariak dio elurrak hartutako film bat irudikatzen zuela bere buruan, erabat zuria. Baina emaitzak zerikusi handiagoa du hondoan kontatzen ari zaigunarekin: lurmentzea, elurtutako postal idilikoaren paisaiak, egun batzuk geroago, elur zikineko zelaietara, botetan lokatzetara, mendira, betiko kolore marroira itzuliz. “Hirian elurra egin zuen. Gero bizitzak bere bideari jarraitu zion”.

 

 

 

 
 
 

 

 

Más actividades de Foco: Kelly Reichardt :

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.