Europa, geroaldi burutua - Pablo La Parra | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak

Europa, geroaldi burutua

Irudia: Filmtract R106 (1968)

Europa, geroaldi burutua irudi erresistenteei buruzko proiektu bat da. Erresistentzia irudiak. Iraganean finkaturik gelditzeari aurre egiten dioten irudiak. Irudiak geroaldi burutuan. Iraganetik, orainaren figurazioan parte hartzen duten irudiak.

Inoiz ez bezalako gizarte eta politika krisi batek Europa neoliberala jotzen duen une honetan, hainbat arte eta ikus-praktika garaikidek atzerantz begiratzen dute, “hirurogeiko urte luzeetako” zine militantearen artxibora, 1968ko nazioarteko borroa zikloak abiarazitako asalduzko garai historiko hartara eta hirurogeita hamarreko urteetan izandako luzapenetara. Europa, geroaldi burutua proiektuak historian zeharko elkarrizketa horretaz gogoeta egitea proposatzen du, ikerketa programa bat eta jarduera programa publiko bat direla bide. Programa horrek ondokoak hartuko ditu barne: proiekzio eta arte interbentzio zikloa, ikus-entzunezko tailer parte hartzailea, nazioarteko solasaldia eta nazioarteko artista, zinegile eta pentsalarien ardurapeko lan argitaragabeak on-line argitaratzea.

Egungo Europak ‑finantza eta zorren Europa, desberdintasunaren Europa, Europa gotorlekua‑ hirurogeiko urte luzeetako mobilizazio sozialen porrotaren gainean jarri zituen bere oinarriak. 68ko eztandetatik Atenasko Politeknikako erreboltaraino, Portugalgo Krabelinen Iraultzatik Espainiako estatuko fabrika eta auzoetako borroketaraino beranduko franskimoan eta trantsizioan, hirurogeita hamarreko Erresuma Batuko greba jendetsuetatik Italiako “udazken bero”-ko agitazioraino eta mugimendu autonomoraino. Borroka haietan jokoan zen Europaren etorkizun politikoa. Pultsu hura ez dago alternatibarik agindupean erabakiko zen, oinarrizko ekimen demokratikoak desmobilizatuz eta ortodoxia ekonomiko neoliberala inposatuz.

Izan zitekeen Europa baten ikus-mapa da hirurogeiko urte luzeetako zine militantearen artxiboa: erresistentzien eta imajinazio politiko erradikalaren mapa, hegoalde globalera begiratzen duen mapa, eztabaiden eta demokrazia asanblearioaren mapa, subjektibitate politiko berrien mapa ‑genero, klase, kolonia ondokoen, ekologisten subjektibitateei dagokiena‑. Zine militantea lekuz kanpoko zinea zen. Tresneria arinek bai filmaketak eta bai proiekzioak gizarte erreboltak gertatzen ari ziren lekuetara joateko eta eramateko bide eman zuten, eta demokrazia erradikalaren eskabideak egiletza kolektibo eta parte hartzailearen forma berriak ekarri zituen. Irudiaren politizazioaz eta produkzio moduez esperimentatzeko gune bilakatu zen zinea.

Film artxibo militantearen eta gaur egungo arte eta ikus-praktiken arteko transferentziak arakatuko ditu Europa, geroaldi burutua proiektuak. Oraingo krisi unean ez da ustekabekoa hainbat artistak, zinegilek eta ikus-entzunezko kolektibok garai hartako praktika zinematografiko militanteen ondarea eraldatu eta birformulatzeari ekitea, oraingo errealitatean politikoki esku hartzeko modu gisa. Gure aurrean, artxiboaren aipamena eta manipulazioa gertaten ari da, horren irudikatze gailuak berrerabiltzen dira, orduko ekoizpen parte hartzailearen moduak berrinterpretatzen dira, irudia politizatzeko estrategiak era kritikoan eskuratu, eztabaidatu edo baztertzen dira. Hirurogeiko urte luzeetako zine militantearen ondarea, beraz, ikus-praktika kritiko garaikideak ulertzeko funtsezko iturri gisa agertzen zaigu. 

Egonaldia hiru epetan gauzatuko da: 2016ko otsailaren 8tik martxoaren 10era, apirilaren 18tik maiatzaren 18ra eta irailaren 12tik urriaren 12ra bitarte.

  • Data: 2016-02-08 > 2016-10-12

Egoiliarrak

Pablo La Parra

Ikerlaria