Ikerketa-Artistiko Egonaldirako Deialdia 2016 - Tabakalera, DSS201EU | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak

Ikerketa-Artistiko Egonaldirako Deialdia 2016

 

Tabakalera kultura garaikidearen sorkuntza-zentro bat da eta 2015eko udan irekiko ditu ateak, gogoeta kritikoa, hausnarketa eta eztabaida pizteko xedearekin. Bere helburu nagusia sorkuntza kultural garaikidea sustatzea da, hainbat esparrutan eta beren fase guztietan (ikertzea, ekoiztea eta erakustea), baita ezagutza sortzea eta partekatzea ere. Praktika artistiko garaikideen inguruko bere lan-ildoaren barruan, sorkuntza babestuko du lan-espazioen eta egonaldi-programen bidez, lurraldeko tokiko sarea sustatzeko eta tokikoak ez diren artistak integratzea errazteko asmoz. Horrez gain, Tabakalera nazioarteko sareetan sartzeko helburua du. Halaber, praktika artistikoen bitartez gai garaikideei buruzko hausnarketa sortu nahi du, askotariko jarduerak programatuz, eta komunitate kritiko bat sortzen lagundu nahi du, bai sortzaileei bai herritarrei zuzendutako sorkuntza, ezagutza eta erakusketa programak martxan jarriz.

2011ko ekainaren 28an, Europar Batasunak Donostia 2016ko Europako Kultura Hiriburu izendatu zuen. Orduz geroztik, Donostia 2016 Fundazioak, Europako Kultura Hiriburutzaren proiektuaren estrategia, plangintza eta kudeaketa bultzatzea eta koordinatzea helburu izanik, kulturaren eta hezkuntzaren gizarte-eragina berreskuratzera eta sormenak Europa kontinentean gizarte-elkartasuna eta bizikidetza sendotzeko bitarteko gisa duen balioa sustatzera bideratutako programa, ekintza eta proiektu sorta bat diseinatu eta garatu du. Hiriburutzaren programako proiektuak egituratzen eta zeharkatzen dituen kaietako bat Pagadi da, sormenaren eta arte garaikidearen bidez sinboloetan indarrez sartzeko sistemak sustatzea helburu duen plataforma gisa sortua. Artisten eta sortzaileen zerbitzura egindako lan-metodologia bat da, testuingurua indartzea eta bertako sortzaileen eta bertakoak ez direnen arteko harremana sortzea du helburu, beraien praktikak DSS2016ren balioetara gerturatu ahal izango diren jarreretatik abiatuz aktibatzeko.

 

Deialdiaren xedea

Testuinguru honetan, bi erakundeek erronka berriak eta beren lan-ildoetarako ekarpenak sortuko dituzten ikerketa eta lan prozesuak barne hartzeko borondatea adierazi dute. Horretarako, egonaldi-proiektu hau bultzatzea erabaki dute, ikerketa-prozesuak babesteko, ikerketa gizartea eta herritarrak praktika artistiko garaikideekin integratzen dituzten proiektuak garatzeko funtsezko elementutzat hartuta.

Laguntza honen bidez, eragileek beren proiektuak kontzeptualizatzeko eta garatzeko baldintza onenak aurkitu, Tabakalerako egonaldian ingurune estimulatzaile batean elkarbizi eta 2016ko Europako Kultura Hiriburutzaren programaren ekimenetan beren ikerketa-proiektuak aurkezteko giro egokia topatu ahal izateko testuingurua sortu nahi da.

Helburu horrekin, laguntza honek ikerketa-proiektu berriak sortzeko edo dagoeneko martxan egon arren ikerketaren alderdi batean edo hainbatetan sakondu nahi duten ikerketa-prozesuak gauzatzeko espazioa, denbora eta baldintzak eskainiko ditu.

Egonaldi hau 2015aren bukaeratik hasita 2016 osora zabalduko da, eta bi zati dauzka: batetik, ikerketa, eta beste alde batetik, ikerketa-prozesuetatik abiatuz sortutako jarduera edo saioen programa bat. Ikerketa eta jardueren programa tartekatzen joan daitezke, artista egoiliarrak proiektua garatzeko beharrezkotzat jotzen badu, ikerketa-proiektuak denbora jakin batean etenik ez duten prozesu irekiak direla ulertuta.

Jardueren programa bai Tabakaleraren programan bai DSS2016ren programan barneratuko da, 2016. urtean. Datak eta jarduera motak bi erakundeek adostuko dituzte, proiektua osatzeko eratzen duten batzordearen bitartez, egoiliarrarekin batera.

Jarduera publikoen programa ikertzaileen, profesionalen eta bestelako eragileen arteko topaketez, sinposioz, hitzaldiz, solasaldiz, aurkezpenez edo beste eragile batzuek egonaldian parte hartzeko proposamenez osatuta egon daiteke.

 

Nori zuzenduta dagoen

Deialdi hau ikertzaile, artista eta teorikoei zuzenduta dago, dela nazionalei dela nazioartekoei, betiere beraien lanak Europako kultura eta gizarte garaikidearen inguruko alderdiak ikertzen baditu, praktika artistiko garaikideen bitartez.

Programa honetan, proiektuek ezaugarri hauek dituzten kontuan hartuko da, bereziki:

  • Praktika artistiko garaikideen bidez gizartea eraldatzeko ahalmena ikertuko duten eta pentsamendu kritikoa sortzeko borondatea duten.

  • Proiektu artistikoen bitartez aktibatutako prozesu kolektibo eta parte-hartzaileetan arreta jartzen duten.

  • Ezagutza eta kultura produzitzeko modu berriak aztertzeko helburua duten, baita Europako lurraldeetako herritarren arteko komunikazio-bide berriak aztertzekoa ere.

  • Pentsamenduaren beste alderdi batzuekiko loturak egiten dituzten eta praktika artistikoetan ezohikoak diren testuinguruekin konektatzen duten.

 

Hautaketa egingo duen batzordea eta irizpideak

Tabakalerak eta DSS2016-k batzorde misto bat osatuko dute, proiektuak irizpide hauetan oinarrituta baloratzeko:

  • Berritasuna eta originaltasuna.

  • Donostia 2016 Hiriburutzaren testuinguruan eta Tabakalera kultur proiektuaren ekintza-ildoetan egiten duen ekarpen maila.

  • Proiektuaren kalitatea eta sormena, baita herritarren partaidetza-prozesuetan inplikatzeko ahalmena ere.

  • Bai proiektuaren bai hautagaiak ordura arte izan duen ibilbidearen koherentzia.

  • Bideragarritasuna eta Tabakalerak dituen bitartekoetara eta lan-espazioetara zein mailatan egokitzen den, baita DSS2016-k eskainitako baliabideetara zein mailatan egokitzen den ere.

  • Proiektuak eta hautagaiak testuingurua ezagutzeko eta bai bertako eragileak bai herritar-kolektiboak esku-hartzera bultzatzeko duten borondatea.

  • Sare-lanean aritzeko eta elkarlana sustatzeko ahalmena.

  • Jardueren programak ikerketaren xedearekin daukan harremana eta lan-prozesuan egiten duen ekarpena.

 

Hornidura/prestazioak

Laguntzak kontzeptu hauek barne hartzen ditu:

  • Pertsona bakarrarentzako apartamentu bat, erabat hornitua, egonaldirako edo egonaldietarako (sukaldea, bainugela eta logela, lanerako eremu txiki batekin, eta Interneterako sarbidea, Wifi bidez). Kolektiboen kasuan, apartamentua gehienez ere 4 lagunentzako izango da. Apartamentuaren ezaugarriak berberak izango dira.

  • Lanerako espazio bat, oinarrizko argiztapena eta korronte elektrikorako harguneak barne dituela, eta proiektu bakoitzerako beharrezkoak diren oinarrizko altzariez hornituta.

  • Jardueren programa garatu ahal izateko beharrezko azpiegitura.

  • Officea eta espazio komunak erabiltzeko aukera.

  • Tabakalerak dituen sorkuntzan espezializatutako liburutegiko funtsak eta baliabide teknikoak erabiltzeko aukera, eta ekipoaren laguntza, beharren eta ahalmenaren arabera.

  • Proiektua kontzeptualki garatzeko laguntza, baita testuinguruko hainbat eragileren eta proiekturen aurrean aurkezteko laguntza eta babesa ere, egoiliarrak hala nahi izanez gero.

  • Dietak, gehienez ere 35 € eguneko, egonaldi osoan. (*)

  • Bizilekutik etorri eta bertara itzultzeko txartela. (*)
    Osasun-asegurua.

  • Ikerketa egiteko 6.000 €-ko diru-hornidura (dagozkion atxikipenak aplikatuko zaizkio, kasuan kasu).

  • Jarduerak produzitzeko diru-esleipena, gehienez ere 48.400 €-koa (zergak barne).

Aukeratutako pertsonak/kolektiboak laguntza onartzen duela adierazten duen dokumentu bat sinatuko du, ebazpena jakinarazi ondoren. Jardueren programara zuzendutako kopuru osoa bi erakundeek kudeatuko dute.

(*) Kolektiboen kasuan, egonaldirako eta joan-etorrietarako kopuru oso bat zehaztuko da.

 

Iraupena

Laguntza hau 2015eko azaroaren 1etik aurrera jaso ahal izango da, Tabakalerak eskainitako instalazioetan, 2016ko abenduaren 31ra arte. Epe horretan banatutako Tabakalerako instalazioetako egonaldiak edo egonaldiek ezingo dute guztira hiru hilabetetik gorakoak izan, eta beka hauen baldintzetako bat lehenengo egonaldia 2015. urtea bukatu aurretik egitea da.

Jarduera eta/edo saio irekien programa 2016an gauzatu beharko da, Tabakaleraren eta DSS2016-ren artean adostu ondoren. Programa hori aipatutako urtean hainbat mugarritan banatu ahal izango da, betiere ikerketa-proiektuaren interesen aldekoak baldin badira.

 

Parte hartzeko baldintzak

Deialdi honetara aurkezteak konpromiso hauek onartzen direla esan nahi du:

  • Esleitutako eskaera bat erretiratu behar baldin bada, hautagaiak garaia baino lehen jakinarazi beharko du, behar adinako tartea utzita.

  • Adostutako datetan lan-espazioan ez egoteak egonaldia eta kasu bakoitzean emandako laguntzak bertan behera uztea ekar dezake.

  • Egonaldia bukatu ondoren, egoiliar bakoitzak bere egonaldiari buruzko memoria bat aurkeztu beharko die erakunde antolatzaileei.

  • Ikerketa-egonaldian sortzen den produkzio guztiak bere komunikazioetan testu hau barne hartu beharko du: «Proiektu hau Tabakalerak eta DSS2016-k antolatutako ikerketa-egonaldien programaren barruan egin da».

 

Izen-ematea

Eskatzaileek izen-emate fitxa bete beharko dute eta dokumentu bat prestatu, PDF formatukoa (gehienez ere 10 mega) material hau barne hartuta:

  1. Harremanetarako datuak: izena, abizenak, helbidea, posta elektronikoa, harremanetarako telefonoa, adina.

  2. Proiektuaren azalpena eta hautagaiak bai egonaldian bai egonaldi-programan aurrera eraman nahi duen proiektu-fasea lantzeko arrazoia.

  3. Ikerketaren lan-plangintzaren definizioa, egutegia barne, denbora aldetik nola banatuko den zehaztuta.

  4. Egonaldian edo egonalditik kanpo garatu nahi den jarduera motaren programa orientagarria, ikerketa-proiektuari dagokionez betetzen dituen helburuak eta/edo beharrak justifikatuta.

  5. Jardueren programako jarduera bakoitzaren kostuaren aurrekontu estimatua.

  6. CVa eta biografia laburra.

Eskaerak aurkezteko epea 2015eko urriaren 5ean, 14:00etan, amaituko da. Ez da data horretatik kanpo jasotako proposamenik onartuko.

 

Balorazio-batzordea

Balorazio-batzordea bi erakundeetako kidez osatuko da eta bere erabakia 2015eko urriaren 13tik aurrera jakinaraziko zaie onuradunei, beraiek emandako helbidera idatziz. Horrez gain, bi webgune hauetan argitaratuko da: www.dss2016.eu eta www.tabakalera.eu

 

Ordaintzeko modua

 

Ikerketarako diru-hornidura

Laguntza 2 fasetan ordainduko da:

  • Lehenengo % 50a, onarpen-idazkia aurkeztu ondoren.

  • Bigarren % 50a, proiektua bukatutakoan, justifikazio-memoria entregatu eta dagokion ordainketa-eskaera aurkeztu ondoren.

Bi kasuetan, zerga-betebeharrak, eta kasuan kasu, Gizarte Segurantzarekikoak, egunean izatearen frogagiria aurkeztea ezinbestekoa izango da.

 

Jardueren programarako diru-ekarpenaren kudeaketa

Aukeratutako pertsonak/kolektiboak gehienez ere 48.400 € izango ditu jardueren programa garatzeari dagozkion kostuak ordaintzeko. Pertsona/kolektibo horrek kudeatu ahal izango fakturak, kontzeptuei eta hornitzaileei dagokienez, eta deialdiaren arduradunari helaraziko dizkio, oniritzia eman diezaien eta erakunde deitzaileek dagokien epean ordaindu ditzaten.

  • Aurkezpen epea: 2015-08-26 00:00 - 2015-10-05 00:00
  • Egoera: Itxita

Egoiliarrak

Pablo La Parra

Ikerlaria