Irekiak Gallery Weekend-ek balantze oso positiboarekin amaitu du bere lehen edizioa, eta jarraitzearen aldeko apustua egin du | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak
2021-09-16 15:15

Irekiak Gallery Weekend-ek balantze oso positiboarekin amaitu du bere lehen edizioa, eta jarraitzearen aldeko apustua egin du

Joan den asteburuan 2.800 lagunek parte hartu dute Irekiak Gallery Weekend egitasmoaren lehen edizioan.

Irekiak Gallery Weekend proiektuaren lehen edizioa joan den asteburuan amaitu da, balantze oso positiboarekin eta etorkizunean jarraitzearen aldeko apustuarekin. Ekimena, eratu berria den Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkarteak (DAGGE),Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Donostia Kulturaren bidez Donostiako Udalak sustatu dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza izan du.

Gutxi gorabehera 2.000 lagun izan dira Irekiak Gallery Weekend-eko asteburuan arte-galerietan programatutako zazpi erakusketetan, Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkarteak (DAGGE) zabaldutako datuen arabera. Bestalde, Tabakalerako bi erakusketek, Zin Ex. Gorputza eta arkitektura eta Chris Kraus. Pelikulak lehen eta gero 800 bisitari jaso dituzte joan den ostiraleko inaugurazioaren osteko lehenhiru egunetan. Kopuru horiez gain, Kursaaleko Kongresu Jauregiaren inguruan Jaime de los Ríos artistak Tabakalerako Medialaben sortu duen Crimson Waves lanaren proiekzioaz gozatzera hurbildu den ikuslegoarena ere aipatu behar da.

DAGGEk, Tabakalerak eta Donostiako Udalak elkarrekin jarraituko dute arte garaikidearen eskaintza hiriko publikoari zabaltzen, hainbat jardueraren bitartez; izan ere, uste dute ekimen horrek etorkizuna duen proiektu baten hasiera markatu duela eta "lehen urratsa izan dela publikoak galerien erakusketa-eskaintza hobeto ezagutzeko eta horiekin elkarreragiteko". DAGGEren arabera, "Proiektu honekin Donostiako arte garaikidearen kultur sarea indartuta atera da asteburu honen ostean. Arlo publikoaren eta pribatuaren arteko harremanak, ekosistema
osasuntsu batez gozatzeko hain garrantzitsuak, unerik onenean daude, eta horrek sorkuntza artistikoa babesteko eta, gero eta gehiago, publikoarengana hurbiltzeko konpromisoa dakar".

Bestalde, ekimen honen esparruan, lau sari banatu dira, ondorengo sortzaileen artelanek irabazi dituztenak: Oaia Peruarena (Arteztu Galeria), Irma Alvarez-Lavida (Altxerri Galeria), Jaime de los Ríos (Arteko Galeria) eta Juan Ignacio Mendizabal (Ekain Galeria). Sari horiek San Telmo Museoko bilduma, Laboral Kutxako bilduma, Modus Nivendi Bilduma eta JNSL bildumetako kolekzioen parte izango dira, hurrenez hurren. Gregorio Cibrián Jose Maria Soroa kaleko 12. zenbakian inauguratu berri den Cibrián espazioko zuzendariak azaldu duenez, "Sari horiek gure testuinguruan bildumazaletasuna benetakoa dela agertzen dute, eta, gainera, bertako kultur ehuna indartzeko konpromisoa dute. Lehen edizioan, nortasun askotarikoak, pribatuak, instituzionalak eta korporatiboak dituzten bildumek partehartzea azpimarratzekoa da".

Cristina de la Fuente Arteko Galeriako zuzendari eta galeristak erakundeen eta eragile pribatuen arteko harreman ona azpimarratu du: "Oso garrantzitsua izan da indarrak batzea eta elkarlanean jardutea, eta horrek eragin oso positiboa izan du jendearengan". Angel Péris artistak bere sorkuntza prozesua erakutsi du Artekon, zuzeneko marrazkiaren bidez, eta Jaime de los Riosen lanak jarri dituzte ikusgai.

Asteburuan euskaraz eta gaztelaniaz eskainitako bisita gidatuek harrera ona izan dute ikusleen artean, eta herritarrei gune horietan sartzeko gonbidapena egin zaie. Horren erakusgarri, Iker Antia Arteztu Galeriako zuzendariak, Oaia Peruarenaren margolanak erakusteaz arduratu denak, adierazi duenez, "Jendeak lehen edizio honetan izan duen interes eta parte-hartzea benetan handia izan da". Era berean, Javier Balda Altxerri Galeriako zuzendariaren ustez, "Asteburu bizia izan da, erakusketa-denboraldiaren hasiera ona izan da Donostian, eta datorren urtean ekimen honek jarraipena izatea espero dut".

Rita Unzurrunzaga Ekain Galeriako zuzendariaren ustez, "Hirian beharrezkoa zen Irekiak Gallery Weekend bezalako ekitaldi bat, agerikoa izan denez publikoari gustatu zaiona". Horrez gain, Kur Galeriako Juanma Arriagaren arabera, "Galeria batetik bestera eta
Tabakalerara bisita-fluxua sortu da".