PANDEMIA GARAIKO SOINU-POSTALAK, EMOZIOETATIK IDATZIA | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak
2021-06-09 12:15

PANDEMIA GARAIKO SOINU-POSTALAK, EMOZIOETATIK IDATZIA

Soinu-Postalak proiektuaren barruan, podcast sorta bat sortzen ari da, donostiarrak pandemia honetan nola sentitzen ari diren ikusarazteko, eta horri buruz gogoeta egiteko.

Soinu-Postalak hainbat entitatek lankidetzan bultzatutako proiektua da: Donostia Lagunkoia, Donostiako Udaleko Osasunaren Sustapena eta Herri Partaidetza, Emaus, Tabakalera Medialab, Gipuzkoako
Itxaropenaren Telefonoa, Kutxa Solidarioak eta Dk Irratia.

Proiektu hau jendea elkartzeko, elkarri entzuteko eta hitz egiteko espazio esperimental moduan sortu da. Herritarrek pandemia-testuinguru honetan dituzten emozioei buruzko narratiba bat taldean eraikitzeko balio duen espazio bat izan nahi du. Eta ez nolanahiko narratiba, sendagarri izateko xedea duen narratiba baizik, eta inor atzean utzi nahi ez duena. Eta lan hori 11 podcasten bidez egiten du, eta horietatik 10 proiektuaren webgunean entzun daitezke jada.www.2020postalak.eus.

11 kapitulu horietako bakoitza gonbidatuek pandemia-aldi honetan bizi dituzten gai, bizipen eta emozioetatik abiatzen da, eta, norbanakoarengandik abiatuta, hausnarketa egiten du elementu horien ondoriozko karga ikuspegi kolektibo batera nola igaro eta era kolektiboan nola kudeatu daitekeen. Gainera, 11 kapitulu horietako bakoitza herritarrek bidalitako ahozko oharrekin osatzen da, eta kapitulu horretan landutako kontzeptuarekin lan egiten duen proiektu/artista bati “bisita”
egiten zaio. Bisitaldi horietan, besteak beste, Andoni Luis Adurizek (lehen aldiei buruzko kapituluan) eta Mikel Casal ilustratzaileak (Glokali buruzko kapituluan) parte hartu dute.
Kapitulu horiek, maiatzean zehar DK Irratian emateaz gain, proiektuaren webgunean ere entzun daitezke (www.2020postalak.eus).

 

Herritarrekin egindako proiektu parte-hartzailea

Soinu-Postalak pandemia-garai honetan sentitzen ari garen emozioei hitzak jartzea du helburu, sartuta gauden emozioen karruselaz ohartzea, eta, agenda publikoan jarrita, jabetzea modu aktiboan kudeatu behar dugula zirimola hori, bai bakarka bai taldean, gizarte moduan, inor atzean ez uzteko.

Horregatik, irrati-proiektu honetan 150 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte. Horietako batzuek, gutxi gorabehera 40k, 11 kapitulu horietako batean gonbidatu gisa esku hartu dute, eta beste askok

ahozko oharren bidez, horretarako prestatutako telefonora (674 424 443) deituta. Ohar horiek Soinu-Postalen kapitulu guztiak zipriztintzen dituzte.

 

Altzako hurbileko merkataritzak proiektuaren zabalkuntzan parte hartu du

Proiektua ezagutarazteko, Altzako 9 establezimenduren laguntza dugu. Maiatzean eta ekainean, irrati- kaseteak uzten dizkiete bezeroei, kapitulu batzuk entzuteko. Horrela, eta haien konplizitateari esker, auzotarrei proiektua deskubritzen laguntzen zaie, nahiago duten moduan jarraitzeko: alderdi digitalean (proiektuaren webgunean) nahiz analogikoan (DK Irratian). Haien lankidetza funtsezkoa da, hurbileko merkataritza herritarren arteko elkargune nagusietako bat baita, eta, beraz, loturak, harremanak eta komunitatea eraikitzeko funtsezko gunea. Horrexegatik da hain garrantzitsua proiektu honetan parte hartzea. Izan ere, auzoko merkatarien bidez, nola sentitzen garen azaltzeko elkarrizketak sor ditzakegu, gure eguneroko bizitzaren parte garrantzitsu bat bizi dugun
gune naturaletan sortu ere, hurbileko modu batean eta konfiantzazko ingurune batetik abiatuta.

Hauek dira proiektuan parte hartzen duten establezimenduak, irrati-kaseteak utziz: Cristina Riveiro farmazia, Yolanda Moreno farmazia, Gaztelurrutia farmazia, Marisa Colías ile-
apaindegia, Telesol Electrodomésticos, La más kuki, Conchi jantziak eta Nuñez burdindegia. Varona Zahar Etxeak ere parte hartzen du.

 

Postalak2020 proiektuaren barruko ekimena.

Soinu-Postalak joan den urteko uztailean kaleratu zen Postalak2020 proiektuaren parte da. Abian jarri zenetik, pandemiaren une desberdinetan herritarrek izaten dituzten emozioei buruzko narrazio kolektibo bat eraikitzen lan egin du. Proiektuaren lehen fasea (2020ko uztailetik 2020ko irailera), idatzizko postal-kate baten bidez egin zen. Postalak proiektuaren webgunean ikus daitezke, eta artxibo emozional bat osatzen dute, elkar ezagutu, babestu eta ulertzeko. Gaur egun, soinu-postalak dira, lehen fase horretan identifikatutako gai eta emozioetan sakonduz, narratiba eraikitzen laguntzen digutenak. Narratiba sendagarria eta inor atzean utzi nahi ez duen etorkizuna proiektatzen duena.