Focos (FC) - First Cow, Kelly Reichardt, EEBB, 2019, 121' - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak

First Cow, Kelly Reichardt, EEBB, 2019, 121'

Foco: Kelly Reichardt

First Cow, Kelly Reichardt, EEBB, 2019, 121'

 

Beleari gustatuko litzaioke dena beltza izatea, eta, hontzari, berriz, zuria.

Proverbios del infierno, William Blake.

 

Kelly Reichhardt zuzendari estatubatuarrari eskainitako atzera begirakoa hasi eta sei film geroago zazpigarren eta azkenera iritsi gara: First Cow. Tabakalerako zikloaren amaiera bat dator filma areto komertzialetan estreinatzearekin; beraz, publikoaren zati handienak film honekin ezagutuko du zuzendaria, eta hori beti da ospatzekoa. Hori bai, komeni da galdetzea zer gertatu den bere ibilbidearen 27 urteetan; izan ere, zinema-aretoetako eta banatzaileetako inork ez du uste izan zuzendariak askoz ere lehenago merezi zuela toki bat zinema-karteletan. “Beti berandu”; hori idatzi ahalko genuke laban batekin egur-zati batean, eta ondoren errekara bota.

Testu hau, beraz, agur bat da. Haren estilo-marken oroigarri bat ere bada, zeina dagoeneko gure begien zatitzat har dezakegun.

Oraingo honetan William Blake poetaren aipu batekin hasten da dena, eta laguntasuna giza esentziatzat jotzen du: “The bird a nest, the spider a web, man friendship”. Laguntasuna, bidaia eta paisaia, horrela laburbil daiteke ia guztia. Baita narrazioak denbora eta historia zeharkatzen dituen ibaiaren itxura duela dioen ideiarekin ere.

First Cow filmak egilearen aurreko filmetan ikusi ditugun egoera eta pertsonaia batzuk jasotzen ditu: emakume bat txakurrarekin paseatzen basoan (Wendy and Lucy filmean bezala); bi lagun oroitzapenak eta ametsak partekatzen ibaiertzean (Old Joy filmean bezala), eta Mendebalde Urruneko kulturen talka kontakizun estatubatuarraren jatorri gisa (Meek's Cutoff filmean bezala).

Eta soinua. Atzera begirako honi esker gure buruari galdera bat egiten ikasi dugu, eta galderak zerikusia dauka Kelly Reichardten filmen hasiera entzuten denarekin. Eta galdera hori betiko da. Izan ere, hasierako minutu horietan ondoren kontakizunean garatuko den unibertso osoa laburtzen da askotan. Zinema-aretoan begiak itxi eta datorrena aurreikus dezakegu: “Laster tren bat entzungo da”. Eta trena entzuten da.

William Tayler-en gitarraren gainean azaltzen dira hasierako kredituak eta William Blakeren aipua. Ondoren, ibai zabal bat eta paisaia gurutzatzen duen ontzi bat ikusten dira. Jarraian, txakurra, neska, txoriak eta urrunean entzuten den trena. Kito: has daiteke filma.

First Cow filmak aitzindarien irudia berreskuratzen du, Ipar Amerikako historia oraindik idatzi gabe zegoenekoa. Beste behin Jon Raymon da gidoiak oinarritzat duen nobelaren autorea (The half-life), eta istorioa Reichardten filmografiako zuzen eta sinpleenetako bat da, agian literatura-egitura batean gehien oinarritzen dena: Cookie larru-ehiztarien talde batekin doan sukaldaria da. King-Lu ihesi doan merkatari txinatar bat da. Biek topo egiten dute Oregongo mendietan. Biak lagun egiten dira. Biek gozogintza-negozio bat abiarazten dute, eta kauserak prestatzen dituzte kontinentera heldu den lehen behietako baten esnearekin. Hori da euren istorioa, historia-liburu batek inoiz jaso ez duena.

Jarraian, film honetan funtsezko gisa nabarmendu daitezkeen xehetasun batzuk ditugu: alde batetik, denbora-jauzia orainalditik 1820ra. Gazte batek eta bere txakurrak giza hezur batzuk aurkitzen dituzten ibai batetik gertu 2019an, eta ondoren irudi horren istorioa kontatzen da flash-back gisa. Denbora-hari horrek Roberto Rossellini-ren Viaggio in Italia (1954) filma dakar gogora, non Ponpeiako hondakinetan bi gorpu aurkitzen dituzten eta hori pertsonaien trama abiarazten duen ispilu bihurtzen den.

Bigarrenik: film osoan zehar umore fina hauteman daiteke, batez ere Cookie eta King-Liuren keinuetan, pelikula mutu batean egongo balira bezala, non slapstick ikuspegiaren abiadurak moteltasun berria ekartzen duen. Cookiek basotik bakarrik ibiltzeko duen haur-beldurrak badu zantzu barregarri bat. Hori keinu berria da Reichardten lanetan. Eta funtzionatzen du. Pertsonaia horien humanismoan sakontzeko balio du. Cookiek behiarekin hitz egiten du jezten duen bitartean, eta goibel kontatzen du bidaian familia galdu duela, aspaldiko ezagun batekin hitz egingo balu bezala.

Munduari aurre egiten dioten bi pertsona onen istorioa da, abiapuntu atsegin, inozente eta esker onekotik. Ikusten dugun mundu horretan zintzotasuna existitu daiteke, eta eskerrak ematearen keinua egiazkoa da. Mundu hori agian existitu zen garai batean, gaizkiak eta anbizioak dena pozoitu aurretik. Reichardten beste film batzuetan pertsonaien barneko paisaia askoz konplexuagoa den arren, film honetan apustuak zerikusia du protagonisten jatorrizko inozentziarekin.  Ez da film psikologiko bat, baizik eta keinu eta ekintzen kontakizun bat. Munduan euren tokia aurkitzen saiatzeko jaioterria atzean utzi zuten bi pertsonaiaren adiskidetasunaren istorioa (beraz, baita road-movie bat ere) da .

Orain film berriaren zain gelditzen gara. 2021eko hilabete batzuetan zehar Reichardtekin egon gara Tabakalerako zineman. Ondoren bidaiak aurrera jarraitu zuen. 

Berriz gurutzatzen garenean jakingo dugu elkar ezagutzen. Agian film artean gertatutako zerbait kontatuko diogu elkarri. Ondoren, elkar agurtuko dugu, urrunean tren bat entzuten delarik. Eta irribarre egingo dugu atzerako ispilutik begiratzean, bidaian aurrera jarraitu aurretik. Eta eskerrak emango ditugu.

 

 
 

 

 

 
 
 

 

 

Más actividades de Foco: Kelly Reichardt :

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.