- Gaua usteltzen ari da - Andrea Ganuza Santafé | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak

Gaua usteltzen ari da

Izuaren imajinario berriak ilustrazioaren eta komikiaren bidez

 

Marrazki edo koadro baten beldur izan zara inoiz? Gai al zara azaltzeko zer elementu diren asaldagarriak? Zerk eragiten du irudi bat aztoratzailea izatea? Nola eraikitzen dira irudi maltzurrak eta zer harreman sortzen dugu horiekin?

Lantegiak bi zati ditu: lehenengoak ikuspegi kritikotik hurbilketa teorikoa planteatzen du. Horrela, Junji Ito, Kanako Inuki eta Suehiro Maruo bezalako mangaka klasikoen edo erotismoa eta izugarrikeria nahasten dituzten ero guro bezalako mugimenduen lanetara hurbilduko gara. Mariana Enriquez idazlearen literatur lanetik eratorritako kontzeptu batzuk berrikusiko dira, beldurrezko kontakizuna kokatzen den testuinguru soziopolitikoarekin lotuz, eta azkenik, Aleksandra Waliszewska, Oda Iselin Sønderland edo Alfred Kubin bezalako egileen lan grafikoa ikusiko dugu.

Bigarren zatiak garapen praktikoa izango du. Marrazketa eta idazketa bitarteko bezala erabiliz, eta fanzine formatoan, geure oroimena arakatuko dugu, dardarka jarri gintuzten irudi gaiztoak berreskuratzeko, mainstreametik eratorritako estereotipoak epaituko ditugu, eta forma, testura, itzal eta beldurrekin jolastuko gara, irudi arraro eta aztoratzaileak sortzeko.

 

*Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 32. Asteak, Tabakalerako Medialabeko autoedizioaren txokoarekin eta FNACekin lankidetzan antolatutako 2021eko Fanzine Gudaren baitan kokatzen da jarduera hau.

Gonbidatuak