Hamahiru film laburrek hartuko dute parte Nest lehiaketan, zeinak aurrez aurreko formatuari eutsiko baitio | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Zine sarrerak eta bonua
2020-08-14 11:45

Hamahiru film laburrek hartuko dute parte Nest lehiaketan, zeinak aurrez aurreko formatuari eutsiko baitio

49 herrialdetako 165 zinema-eskolak bidalitako 348 lanetatik egin da hautaketa. 

Sailean parte hartu duten film labur guztiak digitalizatuta eta artxibatuta daude Medialaben, eta liburutegiko edozein erabiltzailek eskuragarri ditu kontsultarako.

Donostia Zinemaldian zinema-ikasleentzat egiten den film laburren nazioarteko lehiaketa da Nest, eta aurtengo ediziorako (XIX.a), 49 herrialdetako 165 eskolak aurkeztutako 348 film laburren artean hamahiru hautatu dira. Aukeratutako lanak –horietako zazpi, gizonezko zinemagileenak, eta gainerako seiak, emakumezko zinemagileenak– Alemania, Argentina, Kuba, Espainia, AEB, India eta Erresuma Batuko zentroetatik datoz.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatua, sail horren bidez mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutzera eman nahi dira. Aurten, film laburren lehiaketak ohiko formatua –aurrez aurrekoa– mantenduko du, eta proiekzioak egingo dira irailaren 21etik 23ra.

Bigarren urtez jarraian, Nesten ikusgai izango diren film laburretako bat Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) aurkeztua izango da (Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta eta Zinemaldiak, Tabakalerak eta Euskadiko Filmategiak partaidetuta dago EQZE). Ella i jo deritzo film horri, eta Jaume Claret Muxart (Sant Cugat del Vallès, 1998) da zuzendaria, zeinak Donostian kokaturiko eskolan Sorkuntzako graduondokoa ikasi zuen.

Zinema-alorrean ezaguna den norbait izango da Nesten epaimahaiburua, eta aurten, salbuespen gisa, azken edizioetan irabazle izan diren hiru ikaslek osatuko dute epaimahaia. Aurkeztutako hamahiru lanen artean, Film Labur Onenaren Nest Saria –Orona Fundazioak babestua– aukeratuko dute. Sari hori hautatutako proiektuaren zuzendariari emango zaio, zeinak 10.000 euro jasoko dituen.

Urtetik urtera, Nest lehiaketa finkatuz joan da Zinemaldiko sail garrantzitsuenetako gisa, talentu berrien hazitegi den aldetik. Aurtengo edizioan, hain zuzen ere, New Directors sailean estreinatuko da La última primavera, Alemanian jaiotako eta Espainian eta Holandan hazitako Isabel Lamberti zinemagilearen lehenengo film luzea; 2015ean Nesten Torino Award saria irabazi zuen Lambertik. Halaber, Grigory Kolomytsev zinemagile errusiarraren Chupacabra filma New Directors sailean izango da; 2016an eta 2018an Nesten parte hartu zuen Kolomytsevek, eta 2018an Ikusmira Berriak egonaldietan egon zen. Iaz, bestalde, Oren Gerner zinemagile israeldarra New Directors sailean lehiatu zen Africa lanarekin; Greenland graduazioko film laburrarekin Nesten arrakasta lortu eta bost urtera.

Bestalde, eta aurreko edizioetan egin izan den bezala, Tabakalerak Zinemaldiko egunak aprobetxatuko ditu azken urteetan Nest sailean sarituak izan diren film laburrak behin eta berriz emateko. Medialaben gaitutako pantaila batean ikusi ahal izango dira lan horiek, hau da, sormen-liburutegia eta teknologia eta kultura digitaleko laborategia leku berean biltzen dituen Tabakaleraren zerbitzuan. Sailean parte hartu duten film labur guztiak digitalizatuta eta artxibatuta daude Medialaben, eta liburutegiko edozein erabiltzailek eskuragarri ditu kontsultarako.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak Nest saila antolatzen dute, zeina Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren ondarearen parte baita.

HIRU IDEIA HANDIK ZEHARKATZEN DUTE NEST 2020
Víctor Iriarte *

Lehenengoa. 16 mm-ko formatua geratzeko itzuli da edo irudi digitala jada ez da lehen zena. Duela urte batzuk panorama irauli zuten DSLR kameren argitasuna, kolorearen postprodukziorako ematen duten aukera amaigabeak gorabehera, jada ez da nahikoa, ez. Munduko zinema-eskoletako zinema bere forma propioa berriz pentsatzen ari da: pikorra itzultzen ari da, zeluloidea bihurtzen ari da, nolabaiteko primitibismoa bueltan da, planifikatutako inperfekzioaren antzeko zerbait bultatzen ari da, oraingoan, beharbada, ikus-entzunezkoen etorkizunari begiratzen dion zinema hori egunerokotasunetik bereizteko: zinema versus Youtube, zinema versus mugikorrak, zinema versus Instagram, zinema versus sare sozialak, zinema versus algoritmoak.
Eta teknologiak dirdiratzeari uzten dionean, betiko lekuak berreskuratzea geratzen zaigu: munduari behatzea eta mundua asmatzea.

Bigarrena. Zinemak klaseen eta botereen borrokarako, erresistentziarako eta oroimenerako gune izaten jarraitzen du, atzo, gaur eta beti. Migratzaile gazte bat golf-zelai batean lanean, behe-kastako neska gazte bat goi-kastako etxe batean lanean, haur batzuk bizi ez zuten Kubako iraultza gogoratzen, Kolonbiako, Vietnameko, Falklandetako gerren artxiboa. Goikoak eta behekoak, berriz ere.
Hirugarrena. Ingurukoari harrituta eta adi behatzen dion begirada, zinema egiteko modu gisa. Gugandik urrun dagoenetik hurbil dugunera: margotzen ari diren bi ama-alaba, bi anaiaren arteko joko basatiak, familiari berari Txinako harresi urrunaren zati bat izango balitz bezala begiratzea, Ukrainako opera nazionalaren korridoreak, sorgin ikasle gazteen barnetegia dirudien akademia bat edo 2003ko osasun-krisiaren eraginez berrogeialdian dagoen ikastetxe bat.
Zinema gazteenak, etorkizun handienekoak, ondo ezagutzen du bere oraina: forma berriz pentsatzea, berezko mundu bat berrasmatzea. Luzaroan geratzeko etorri zaigu Nest.

* Tabakalerako Zinema eta Ikus Entzunezko Programaren arduraduna eta Donostia Zinemaldiaren Hautaketa Batzordeko kidea.