Ia milioi erdi pertsonak bisitatu dute Tabakalera 2021eko abuztura arte | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak
2021-09-09 12:30

Ia milioi erdi pertsonak bisitatu dute Tabakalera 2021eko abuztura arte

Pandemiaren aurreko bisitarien kopuruetara hurbildu da Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa. Komunikazio-inkomunikazio erakusketak, Mikel Laboaren figura eta obra oinarrituriko egitasmoak, 12.000 bisita baino gehiago izan ditu.

 

Tabakalerak publikoaren erantzuna sendotuz hasi du 2021a. Hala adierazten du Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak urtearen lehen zatiaren amaieran egindako datuen analisiak. Ia milioi erdi bisitari, 468.451 pertsona zehazki, hurbildu dira eraikinera aurtengo urtarrila eta abuztua bitartean. Kopuru hori oso hurbil dago 2019ko datuetatik, COVID-19k sortutako pandemia baina lehenago Tabakalerak zeuzkanetatik.

Bereziki aipagarria da Komunikazio-inkomunikazio erakusketak izan duen harrera ona. Mikel Laboa (1934-2008) euskal kantautorearen Lekeitioak lanetik sortutako proiektua. Erakusketa maiatzaren 29tik abuztuaren 28ra arte ikusi ahal izan da, eta publikoak erantzun bikaina eman dio, egoera pandemikoak eragindako mugak gorabehera. Hiru hilabeteetan 12.329 pertsona hurbildu dira erakusketa bisitatzera.

Tabakalerako pantaila partekatua osatzen duten erakundeek (Donostia Zinemaldiak, Elias Querejeta Zinema Eskolak, Euskadiko Filmategiak, Donostia Kulturak eta Tabakalerak programatzen dutena) prestatutako zinema-programak lortutako ikusleen erantzuna ere kontuan hartzekoa izan da. Zine aretoak 11.078 ikusle izan ditu aurten, 2020ko epe berean baino ia bi aldiz gehiago. Luis Buñueli eskainitako Nosferatu zikloa, Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) eta Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean egiten den Zinema eta Zientzia programa, edo Kelly Reichardti eskainitako atzera begirakoa bereziki aipagarriak dira publikoaren arrakastari dagokionez.

Bestalde, Situ-akzioak izenburupean hiru hilabetetan zehar Tabakaleran izan zen esperimentazio sentsorialeko espazioa -familiei zuzendua eta Julio Le Parc artista argentinarraren Kuboa obran oinarritua- 2021eko mugarrietako bat izan da zentroarentzat, partaidetzari dagokionez. 4.194 pertsona etorri dira instalazioaz gozatzera, publiko orokorrarentzat eta EAEko ikastetxeentzat antolatutako bisiten artean. Apiriletik uztailera bitarte egon zen zabalik Tabakaleraren 1. solairuan.

Medialab da, oraindik ere, Tabakalerara hurbiltzen diren pertsonentzako sarrera nagusia. Abuztura arte 77.469 pertsona hurbildu dira sormen-liburutegia eta teknologia eta kultura digitaleko laborategia biltzen dituen espazio erreferentzialera. Medialabeko dokumentu-funtsarekin lotutako zerbitzuen aniztasunak, bere askotariko jarduera-programarekin uztartuta, asistentzia eta parte-hartze zifra positiboak lortzea ahalbidetzen du.

Garrantzi berezia izan du uztaila eta abuztua bitartean Tabakalerako Andre Zigarrogileak plazan egin den Medialab Magnoliatan programazioak. 1.378 pertsona igaro dira aire libreko Medialaben hedapena izan den espazio berezitik. Guztira 28 jarduera programatu dira, eta 232 pertsonak parte hartu dute, aldez aurretik izena emanda.

Azkenik, azpimarratu behar da abuztuan 1.058 pertsonak parte hartu dutela hitzaldi, kontzertu, performance eta familiei zuzendutako saioetan. Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean programatutako saioek oso erantzun ona izan dute, 632 lagun bertaratu dira guztira.