Zinema Garaikidea - Ikarie XB-1 - Jindrich Polák | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak
Error fetching XML

Ikarie XB-1

Kresala zineklubarekin antolatutako saioa

Ikarie XB-1 Jindrich Polák

Ikarie XB-1, Jindrich Polák,Txekoslovakia, 1963, 81' JBAES, DCP

Zientzia-fikzioaren historiako funtsezko filmetako bat da, bere garairako aurreratua, eta ondorengo zinemako maisulan batzuetan eragina izan zuena esate baterako, Stanley Kubriken 1968ko 2001: A Space Odyssey (2001: Espazioko Odisea) filmean. Kronikek diotenez, Kubrickek behin eta berriz ikusi zituen irudi hauek, espaziorako bere bidaia partikularra prestatzen ari zen bitartean. Zinemaren historiako testuek diotenez, gainera, film hau erreferentzia bisual garrantzitsua izan zen beste film bikain askorentzat, besteak beste: Franklin J. Schaffnerren Planet of the apes (Tximinoen planeta, 1968); Andrei Tarkovskiren Solaris (1972) eta baita Ridley Scotten Alien (1979) klasikoa ere, batik bat abandonatutako espazio-ontziaren xehetasun narratiboari dagokionez. Eta, film honek izan duen eraginekin amaitzeko, esan behar dugu Ikarie XB-1 egiterakoan maketa gardenaren efektuak erabili zirela, George Lucasen Star Wars (Izarretako gerra, 1977) egin baino urte batzuk lehenago. Datu horiek guztiak ikusita, argi dago ezinbesteko hitzordua dugula aurrean. Iazko Canneseko zinema-jaialdian Hungarian Filmlaben National Film Archivek (NFA) 4K-n berritutako bertsio digitala aurkeztu zen, eta horixe bera da guk gure publikoari plazer handiz aurkezten diogun bertsioa.

2164. urtea. Ikarie XB-1 espazio-ontzia Alpha Centauri izarraren inguruan orbitan dagoen planeta misteriotsu batera bidali dute. Argiaren abiaduran bidaia hori egiten ari diren bitartean, astronauten eguneroko bizitza ikusiko dugu. Beren familiengandik gero eta urrutiago, espazioko egunak Lurreko bizitzaren oso antzerakoak dira: gimnasiora joateko denbora, musika entzuteko denbora, filmak ikusteko denbora, maitasunerako denbora... Baina, behar bezalako bidaia eta abentura guztietan bezalaxe, ezustekoak gertatzear daude. Eta, hirurogeiko hamarkadako behar bezalako film guztietan bezala, alegoria politikoa ere presente egongo da: posible ote da planeta berri batean beste eredu sozial bat ezartzea? Edo gizateriarentzat ezinezkoa da bere patu lazgarria atzean uztea?

Kresala Zineklubarekin elkarlanean antolatutako saio bikoitza dugu hau. Izan ere, apirilaren 10ean, astelehenarekin, arratsaldeko 19:30etan eta Trueba zinemetan Kresala Zineklubak 2001: A Space Oddysey (Stanley Kubrick, Erresuma Batua, 1968, 139’) eskainiko du. Bi klasiko hauek ikusteko eta elkarren arteko korrespondentziez gozatzeko aukera bikaina, beraz.