IRAILAREN 11AN, SARTU -> | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak
2015-08-19 00:00

IRAILAREN 11AN, SARTU ->

Datorren irailaren 11an, Tabakalerak ateak irekiko ditu behin betiko, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro bihurtuta.

Une garrantzitsua izango da oso, bai proiektu kulturalarentzat, bai hiri eta lurraldearentzat ere. Lau urtetan zehar iraun duten eraberritze lanek hiritarren artean jakin-mina piztu dute, askok galdetu izan diote bere buruari zer gertatzen ari ote zen hesiaren beste aldean. Eta lanok amaitzear daude, Donostiako eraikin ospetsua berriro zabalduko da espazio publiko gisa, sorkuntzarako zentro gisa eta ekosistema kultural zabala barne hartuko duen espazio bizi gisa.

Tabakaleratik hiritar guztiekin partekatu nahi dugu une garrantzitsu hau. Horretarako, irailaren 11-13 ko asteburuan zehar luzatuko den jarduera programa zabala antolatu dugu. Gainera, aurretik, aparteko aukera eskainiko da fabrika bere irekiera baino lehen bisitatzeko, eta bertan, lantaldearen eskutik, proiektu kulturala ezagutzeko.

Duela aste batzuk iragarri genuen moduan, Tabakalerako espazioak eta bertan leku izango duten proiektuak modu mailakatuan aktibatuko dira. Hasieran, eraikinaren irekierarekin batera, proiektu kulturalarekin lotutako espazioak aktibatuko dira, eta udazkenean zehar, fase ezberdinetan, gainontzeko espazioak eta ekimenak martxan jartzen joango dira. Helburua, 2016an eraikina jardun betean egotea da.

Irekierari begira, askotariko jarduera kulturalak hartuko dituen programa berezia lantzen ari gara, aste osoan zehar luzatuko dena, irekiera baina lehen hasi eta asteburura arte luzatuz.

 

IREKIERA-AURREKO PROGRAMA

Irekiera aurretik, Tabakalerak, Kutxa Kultur Festibala eta DSS2016rekin elkarlanean, kontzertua antolatu du Tabakaleraren kanpoaldean, Mundaiz aldera kokatutako zabalgunean. Mogway banda eskoziarrak emango dio amaiera Kutxa Kultur Festibalari eta, era berean, Tabakaleraren irekiera-aurreko programari hasiera emango dio.

Bestalde, irailaren 8 eta 10 bitartean, bisita gidatu multzo bat eskainiko da. Hauen bitartez, Tabakalerako espazio eraberrituak ikusten lehenak izan nahi dutenei aukera hori eskura jarriko zaie. Bisitak ikuspuntu desberdinetatik planteatuko dira; batik bat proiektu kulturala, eraberritze arkitektonikoa edo Zentroan izango den ekosistema kulturala landuko dira. Gainera, proiektu kulturala osatzen duten lan ildo desberdinetako arduradunekin hainbat topaketa proposatzen dira, datozen asteetan abiaraziko diren zerbitzuak eta programak gertutik ezagutzeko. Bisita eta topaketa hauetan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea.

ATE IREKITZE PROGRAMA

Irailaren 11 an, arratsaldeko 18:00etan hasiko da irekiera ekitaldia. Ekitaldia, publikoa eta jai izaerakoa izango da, momentu hau partekatu nahi duten hiritar guztiei irekia.

Behin ateak zabalduta, Tabakalerako espazioetan barna ibili ahal izango da. Modu askean, edo gonbidatutako artistek proposatutako performance edo instalazioetan zehar eramango gaituzten ibilbideetan parte hartuz, Tabakalera berriaren txokoak ezagutuko ditugu. Bertako nahiz kanpoko artistak izango ditugu bidelagun: Nilo Gallego eta Chus Domínguez, Idoia Zabaleta, Loida Gómez, Angela Milano, Idurre Azkue, Xabi Manubens eta Natxo Moreno, Anaïs Tuerlickx, Las Raras, Lyncoln Diniz, Rosa Casado eta Mike Brookes.

Irekiera eguneko eskaintza sendoenetako bat, bestalde, erakusketa-aretoaren inaugurazioa eta bertan aurkeztuko den lehen erakusketa proiektua izango da: Ikus-entzunezkoaren aldiriak. Ingurua marrazten duten puntuak. Anna Manubens eta Soledad Gutiérrez-ek komisariatua, bertako eta nazioarteko 28 egileren lanak biltzen ditu. Horien artean, batzuk ekoizpen berriko obrak dira: Ibon Aranberri, Aimar Arriola, Herman Asselberghs, Itziar Barrio, Roger Bernat, Eugeni Bonet, Manon de Boer, Analivia Cordeiro, Gonzalo de Pedro, Marguerite Duras, Patricia Esquivias, Dora García, Jean-Luc Godard, Los Hijos, Nader Koochaki, Nicolas Malevé, Pad.ma, Neus Miró, Joan Morey, Itziar Okariz, Uriel Orlow, Alex Reynolds, Fito Rodríguez, Oriol Vilapuig, Marc Vives, Duen Xara Sacchi eta Eileen Simpson & Ben White.

Erakusketa ikus-entzunezkoaren kontzeptuari buruz arituko da. Ikus-entzunezkoaren inguruan, kanpoaldean, sortzen denari buruz. Ikus-entzunezkoa beste lengoaia eta egoerekin erlazioan hibridatzen deneko erreferentziak bilatuko ditu. Erakusketa honen abiapuntu gisa, Apologia/Antologia proiektua ere aurkeztuko da, HAMACA banaketa etxea eta UPV/EHUrekin elkarlanean eta AC/E, MECD, Generalitat de Catalunya-ren laguntzarekin, garatu den proiektua. Proiektu hau web orri batean eta DVD sail batean egikarituko da, eta bere lekua izango du, halaber, erakusketan.

Irekierarekin batera abiaraziko den beste espazioetako bat Sotoa da. 0 solairuan, soto zaharrean, kokatua, espazioaren jatorrizko egituraren ezaugarriak mantentzen ditu espazio honek eta fabrikako memoriak eta historiak hartuko ditu. Bertan aurkeztuko den lehen proiektua Marion Cruza eta Pablo Marte artistek tabako fabrikako emakume zigarrogile ohiekin landu dute, Bihar goodbye. Elkarrekin lan egiten duen emakume taldea izenburupean.

Irekiera egunari amaiera emateko, 21:00etatik aurrera irekiera jaia hasiko da, Chico Trópico eta AMI PLIN DJs-en eskutik.

Larunbatean eta igandean, irekiera jarduera berezien eskaintzek jarraituko dute. Goizetik iluntzera gai desberdinen gaineko lantegiak, familientzat proiekzioak, erakusketara bisitak komisarioen eskutik, teknologia eta kultura digitalarekin erlazionatutako topaketak, soinu eta ikuste instalazioak, performanceak, DJ bezala parte-hartzeko set popularrak etab. izango dira.

Proiektu kulturalaren funtsezko espazioetako bat zinea izango da. Zineak ere irekiera egunean hasiko du bere ibilbidea. Inaugurazio ekitaldia irailaren 12an, larunbatean, ospatuko da, Euskadiko Filmategia, Zinemaldia, Donostia Kultura eta Tabakalerako arduradunak bertan direla. Zinema-aretoa estreinatzeko Iván Zulueta donostiarraren Un, dos, tres, al escondite inglés filma aukeratu da.

Halaber, Hirikilabs hiri laborategiak, Tabakalera eta DSS2016ren arteko elkarlanean hasitako proiektuak eta azken bi urteotan 2016ren espazioan kokatua egon denak, berriro ere irekiko ditu bere ateak Tabakaleran, eraberrituta eta handituta. Kokaleku berrian, teknologia eta kultura digitalari lotutako programa eskainiz jarraituko du, teknologia hiritarrei hurbiltzeko lan dibulgatiboa eginez, zein teknologia-komunitateei zuzendutako proposamen espezializatuagoak eskainiz.

Eta irailak 14, astelehenetik aurrera, Tabakalerako programak aurrera jarraituko du, eta pixkanaka haziz joango da. Aste horretan berean, irailaren 18tik aurrera, Zinemaldiak protagonismoa hartuko du eraikinean, sail baten egoitza ofizial bihurtuko bait da zine aretoa. Eta Zinemaldiaren testuinguruan, beste urte batez, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa izango da, Donostia Zinemaldiak, Donostia/San Sebastián 2016 Kulturaren Hiriburu Europarrak eta Tabakalerak elkarlanean antolatuta.

 

FASE BERRIRAKO MARKA-IRUDI ETA WEBGUNE BERRIAK

Proiektuak abiatzen duen bide berri honekin bat eginez, marka-irudia eta zentroaren web orria ere berritu egin dira. Irudiari dagokionez, jatorrizko logotipoa ia era bat mantentzearen alde egin da, baina garapen grafikoari itxura gaurkotuago bat emanez, eta egun proiektuak duen izaerarekin modu egokiagoan uztartuz. Markaren garapena, gaur aurkezten dugun hau, proiektuak transmititu nahi dituen baloreekin bat datorelakoan gaude, eta Tabakalerak Kultura Garaikideko Sorkuntza zentro gisa duen identitatea ondo adierazten duelakoan.

Marka-irudiarekin batera, esan bezala, webgunea ere berritu da. Berrikuntza estetikoa izan du, baina batik bat edukiei lotutakoa. Proposamen berri honek aurrerantzean Tabakalerak eskainiko dituen programa eta zerbitzuetatik ondorioztatzen diren beharrei erantzuten die. Nolabait, webgunea eraikinaren isla digitala da. Proiektuarekin gertatzen den gisa, weba diseinatzeko orduan kontuan izan da askotariko erabilera eta erabiltzaileei erantzun beharra, hasi oinarrizkoenetik, besterik gabe programazioa ezagutu nahi duen horretatik, eta erabiltzaile aurreratuenetaraino, adibidez, egonaldian egongo diren artistetara, horiek Tabakalera komunitateren parte izango baitira eta bertako lan-espazioak eta baliabideak erabiltzeko beharra izango baitute.