Irekiak Gallery Weekend lehen aldiz egingo da Donostian | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak
2021-09-05 12:00

Irekiak Gallery Weekend lehen aldiz egingo da Donostian

Hiru egunez galeriek erakusketen inaugurazioak eta ate irekien jardunaldiak hartuko dituzte. Gainera, bisita gidatuez osatutako ibilbide bat proposatuko da. Galerien erakusketa-eskaintzarekin batera, Tabakalerak arte garaikideko bere hurrengo bi erakusketak inauguratuko ditu. Kursaaleko fatxadan Jaime de los Ríosen Crimson Waves instalazioa proiektatuko da.

Tabakalerak, Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkarteak (DAGGE), Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Irekiak Gallery Weekend aurkeztu dute. Asteburu horretan, arte garaikidea izango da hiriko protagonista. Irailaren 10etik 12ra bitartean, arte garaikideko erakusketa-denboraldiaren irekierari hasiera emango dio Irekiak-ek. Alde batetik, DAGGE elkartea osatzen duten sei galeriek zazpi mostra jasoko dituzte: Altxerri, Arteko, Arteztu, Cibrián, Ekain eta Kur. Bestalde, Tabakalerak bi erakusketa jarriko ditu abian: Zin Ex. Gorputza eta arkitektura eta Chris Kraus. Pelikulak lehen eta gero. Ekimenaren amaiera gisa, Jaime de los Ríos artista donostiarraren Crimson Waves artelan digital erraldoia proiektatuko da Kursaal Kongresu Jauregiaren fatxadan.

Irekiak Donostiako Arte Galeria Garaikideen Elkarteak (DAGGE) antolatutako lehen ekimena da. Ekimen hau Tabakalerak hiriko gainerako kultura eragileekin lankidetzan aritzeko duen konpromisoaren barruan kokatzen da, arte-sorkuntza sustatzeko eta, aldi berean, galeriak herritar guztiei irekitako kultura sortzeko gune gisa egiten duten lana ikusarazteko. Madrilgo Gallery Weekend, Parisko Gallery Weekend eta Berlin Art Week ekimenen antzera, Irekiak-ek egitarau zabala izango du eta hiriko arte-galeriak zeharkatzen dituen ibilbidea egitea proposatzen du. Goizeko 11:00etan eta arratsaldeko 17:00etan izango dira bisitak eta bertan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea laster eskuragarri izango diren www.irekiakgalleryweekend.com webgunean edo harreman-en app-an. Gainera, galeriek etenaldirik gabeko ordutegian irekiko dituzte ateak eta honako erakusketa hauek hartuko dituzte:

 

Declaración de intenciones

Mikel Casal (Donostia, 1965) eta Juan Ignacio Mendizabal (Donostia, 1964)

Ekain galeria

 

Relaciones variables

Irma Alvarez Laviada (Gijón, 1978)

Bocetos y dibujos para carteles del Zinemaldia 2001

Juan Ugalde (Bilbo, 1958)

Altxerri galeria

 

You may come full circle

José Ramón Amondarain (Donostia, 1964); Katinka Bock (Frankfurt, 1976); Esther Gatón (Valladolid, 1988) eta Leandro Feal (Habana, 1986)

Cibrián galeria

 

Enseres salvajes

Jesus Maria Corman (Donostia, 1966)

Kur galeria

 

Bilketa

Oaia Peruarena Tellechea (Irun, 1972)

Arteztu galeria

 

Cuerpos de tinta y siluetas de algoritmos

Ángel Peris (Valentzia, 1993) eta Jaime de los Ríos (Donostia, 1982)

Arteko Gallery

 

Bildumazaletasuna arte garaikidearen garapenerako konpromiso gisa erakusteko asmoz, Irekiak-ek lau erosketa-sari izango ditu eta horiek irailaren 10ean ezagutaraziko dira. Elkarteko galerietako erakusketetako lanen artean lau honako hauek erosiko dituzte: San Telmo Museoak, Modus Vivendi bildumak, JNSL Bildumak eta Laboral Kutxak erosiko dituzte. Lau bildumek nortasun eta ezaugarri desberdinak dituzte, eta eremu pribatua, instituzionala eta korporatiboa barne hartzen dituzte. 

 

Bi erakusketaren irekiera Tabakaleran

Bestalde, Tabakalerak Zin Ex. Gorputza eta arkitektura erakusketa inauguratuko du, zine hedatu eta esperimentalari eskainitako Zin Ex proiektuaren baitako bigarren erakusketa. Erakusketa hori Donostia Zinemaldiarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean antolatu da. Bestalde, Chris Kraus. Pelikulak lehen eta gero mostra, Kraus idazle, editore eta arte kritikariaren obra filmiko guztia biltzen duen erakusketa izango da. Bi erakusketak irailaren 10ean aurkeztuko dira, prentsaurrekoan, eta egun horretan bertan irekiko dituzte ateak.

 

Instalazio artistikoa Kursaaleko fatxadan

Gainera, Kursaaleko fatxadak Jaime de los Ríosek Medialab Tabakaleraren laborategian sortutako Crimson Waves (Olas del ocaso) pieza hartuko du. Lan horrek, Kursaal Jauregia inguratzen duten olatuen mugimendua eta kolorea ditu inspirazio-iturri. Pintura algoritmikoa da, eraikinaren arkitekturarekin bat datozen mugimendu eta koloreak geometrikoki eraikitzen dituena. Oraingo honetan, Jaime de los Ríos artistak Moneoren Kursaaleko azal digitalari eragingo dio eta, are gehiago, natura eta hiria, olatuak eta erreflexuak bateratuko ditu, koreografia hibrido zibernetiko batean biltzeko asmoz. Instalazioak 35 minutuko iraupena du eta ilunabarretik gauerdira arte ikusi ahal izango da irailaren 10, 11 eta 12an.

 

 

Programa

 

Irailak 10

-9:00etatik 13:30era Udako ikastaroa Chillida Lekun, Eduardo Chillidaren irudiari buruz.

-19:00etan Galerietako erakusketen inaugurazioa.

-19:00 Zin Ex. Gorputza eta arkitektura eta Chris Kraus. Pelikulak lehen eta gero erakusketen inaugurazioa Tabakaleran.

-Ilunabarra: Crimson Waves lanaren proiekzioa Kursaalen

 

Irailak 11

-Egunean zehar, lau bisita-gidatu ibilbide hiriko galerietan zehar, bi euskaraz eta bi gaztelaniaz. (11:00, 17:00)

-Ilunabarra: Crimson Waves lanaren proiekzioa Kursaalen

 

Irailak 12

-Egunean zehar, lau bisita-gidatu ibilbide hiriko galerietan zehar, bi euskaraz eta bi gaztelaniaz. (11:00, 17:00)

-Ilunabarra: Crimson Waves lanaren proiekzioa Kursaalen