Fokuak (FK) - La Vie comme ça (Jean-Claude Brisseau, Frantzia, 1978, 95’) - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

La Vie comme ça (Jean-Claude Brisseau, Frantzia, 1978, 95’)

Fokua: Pascale Ogier

 

Film erradikala da. Erradikala eta konplexua. Baina, has gaitezen hasieratik. Has gaitezen Pascalerengandik. Bere pertsonaiak Muriel Pucheux du izena, eta enpresa kimiko bateko bulegoetan idazkari gisa lan egiten duen neska gazte bat interpretatzen du. Pascalek bigarren mailako rola jokatzen du, nahiz eta bere agerpena eta garapena funtsezkoa den planteatzen den istorioan.

Agnes (Lisa Hérédia) eta Florence (Marie Rivière) dira protagonistak, Pariseko kanpoaldera, Bagnolet auzora, elkarrekin bizitzera joatea erabakitzen duten bi lagun. Hemen Paris ez da Senaren  eta monumentu klasikoen hiria; ez da lorategien, pasealekuen, kafetegien edo bohemia erromantikoaren hiria, ez. Guztiz kontrakoa.

Hainbat langileren historia da hau, eta haien aurka gauzatzen den abusu eta indarkeriarena. Hau hiri baten erretratua da, gizatasuna erabat galdu duen ekoizpen-sistema batena. Existentzialismoa eta bizitza modernoaren lerrokatzea. Sexu-jazarpena lanean. Langileengan boterea izaten jarraitzen ahalegintzen diren botereak.

Murielek / Pascalek ezkonduta dagoela kontatzen du, eta bere etxean senarrak aukeratzen duela zer ikusi telebistan. Bere senarrari filmak ez zaizkiola gustatzen kontatzen du: “Dena azkarregi pasatzen da eta berari kosta egiten zaio abiadura hori ulertzea”. Halaber, kontatzen du batzuetan senarrak jo egiten duela.

Filmak zuzenki eta gordintasun osoz planteatzen du indarkeriaren, beldurraren eta menderatzearen katalogo bat: etxean, lanean, bizitzan, harremanetan.“"Dokumentuak artxibatu, zahartu, hil. Hori ez da bizitza”, dio langileetako batek. Muriel / Pascale da biktimetako bat. Agnès, Pascalekin elkartasunean, sistema horri aurre egiten saiatzen da. baina, sistemak gogor erantzuten du: hori da emakume baten suntsipena.  

Filmak 16 mm-tan filmatu zen, eta hurbilago dago olatu ingeles berriko zinema batzuen espiritu proletario eta kritikotik, garai hartan Frantziatik iristen ziren beste titulu batzuetatik baino. Eta, gaur egun, benetako bitxikeria izaten jarraitzen du, planteamendu zuzen eta gordinagatik.

Éric Rohmer hondoan agertzen da figura garrantzitsu gisa; izan ere, Les Films de Losange bere-ekoizpen etxearen babesari esker garatu ahal izan zuen Brisseauk bere karrera. Brisseau beti oroitu zen hartaz, eta biek aldarrikatu zuten beti bere lehenengo lanean amateurismoa eta zuzeneko zinema.  

Orain amaiera, konplexua dena, bizitza. 2000. urtean, Jean-Claude Brisseau hiru aktoreri sexu-jazarpena egiteagatik zigortu zuten. Botere-abusua gaitzat duen film bat aurkezten ari garen honetan, datu hori ezin saihetsi dugu. Paradoxikoa dirudi abusuaren aurkako alegatu zuzena den obra batez hitz egitea eta, neurri berean, zuzendariaren biografiako kapitulu horrekin topo egitea, bai. Baina, hemen idatzita gartzen dira filmaren arrazoiak eta balioa.

 

1978. urtea da, eta nahiz eta rol txikietan izan, Pascalek dagoeneko bere burua aurkeztu du Frantziako zinema handiaren aurrean, Brisseau eta Rohmerren kameren aurrean. Interprete gazteak hastapeneko lan horiek batu egiten ditu Pariseko undergroundeko film labur batzuekin eta telebistan eta antzerkian egindako agerpenekin. Hain zuzen ere, 1979an, eta Rohmerren zuzendaritza dramatikoaren pean, Heinrich von Kleist idazle alemaniarraren Das Käthchen von Heilbronn obraren egokitzapenaren aktore nagusia izango da. Egokitzapen hori Nanterre-Amandiers Antzokirako egin zen. Ondoren, protagonista gisa egindako bere lehenengo rol handia iritsiko da, bere ama Bulle Ogierrekin batera eta Rivetteren zuzendaritzapean.

Víctor Iriarte

TRAILER

 

 

Más actividades de Fokua: Pascale Ogier:

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.