Focos (FC) - Le Pont du Nord (Jacques Rivette, Frantzia, 1981, 129') - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Le Pont du Nord (Jacques Rivette, Frantzia, 1981, 129')

Foku: Pascale Ogier

 

Pascaleren pertsonaiak Baptiste du izena. Bere ama Bulle Ogierrek jokatutako pertsonaiak Marie du izena. Filma lau egunetan garatzen da, bi protagonistak Parisen alde batetik bestera noraezean dabiltzan bitartean. Eta hasierako tituluek adierazten duten bezala, dena "1980ko urrian edo azaroan, aspaldi" gertatzen da.

Rivettek kontatzen du hiruren artean idatzi zutela filma. Eta prozesu gorabeheratsu horretatik sortu zirela filmeko ibilbide eta tramak. Rivettek kontatzen duenaren arebera, Marieren pertsonaia aktore berak zuela gutxi egin zuen rol baten jarraipena izan liteke: Bulle Ogierrek jokatutako terroristarena R. W. Fassbinder-ek zuzendutako Die dritte Generation (Hirugarren belaunaldia, 1979) filmean.

Marie kartzelatik atera berri da, eta saiatzen da harremana berreskuratzen konplize eta maitale zahar batekin. Mariek gogoratzen du banku bat lapurtu zuela, gauzak gaizki atera zirela eta oraindik ere konpondu gabeko hainbat kontu dituela bahiketak, pistolak, hilketa politikoak eta bestelako krimen batzuk dauden iragan horrekin. Baptiste, ordea, hirian zehar motozikletaz mugitzen den iraganik gabeko neska gazte bat da, Marieren pertsonaiarengan azkenik laguntasuna izateko aukera aurkitzen duena.

Eta filma horretan datza: biak hirian zeharreko lau eguneko topaketa eta ibilaldi horretan, dena espioien film bitxi bat balitz bezala, beren patua aldi berean zoriak eta elkarrekin egoteko beharrak gidatuta balego bezala. Ezinezkoa zuten elkarrekin topo ez egitea; horixe da filmak ustez aditzera eman nahi diguna.

Hiria formatu bikoitzean aurkezten da: batetik, eskulturen Paris historikoa, Astor Piazzolla-ren musika beti dotoreak lagunduta. Eta, bestetik, laurogeiko hamarkadako "Paris berria": eremu, obra, garabia, eraikitzen ari diren orube eta paisaia berri bat suntsitzen eta eraikitzen ari diren makinekin. Marie eta Baptiste hiriaren erdigunetik kanpoalde horretara joaten dira. Bankuetan egiten dute lo, autoetan egiten dute lo, zinemetan egiten dute lo, poliziak zaindutako hotelak bisitatzen dituzte, planoak berrikusten dituzte eta deiak egiten dituzte, inoiz ez dakigula norengandik ihes egiten duten edo norantz doazen. Halatan, argumentuak alde batera uzten ditu genero beltzeko zinemaren gakoak, eta munduan duten lekuaren bila dabiltzan iheslarien film bihurtzen da.

Orain gogora ekarri behar dugu Rivettek Le Pont du Nort sortzeko prozesuaren parte gisa aktore berberekin filmatu zuen film labur bat. Izan litezke filmatze-notak, kokapen-notak, historiaren notak eta gakoak. Paris s' en va (1981) filmean adierazten da Parisko mapa antzara-jokoaren taula bat bezalakoa dela, eta kontua dadoak jaurtitzea eta jolastea dela. Ama eta alaba 63 laukietan zehar dabiltza (kartzela, labirintoa, heriotza...) eta jolasaren jarraibideak azaltzen dituzte. Piazzolla argentinarrak ere jotzen du; beraz, saihestezina da pentsatzea, agian, nolabait Julio Cortazar eta bere Rayuela (1963) Rivetteren film honen prozesuaren lekuren batean egon zitezkeela. Edo behintzat polita da aukera horretan pentsatzea.

Pascalek, filmaren zatirik handienean, armadura baten itxura duen larruzko jaka bat darama jantzita. 23 urte ditu, eta oso denbora laburrean belaunaldi berri baten irudi bihurtu da: planta klasikoa, jarrera basatia, erabat bakarra. Oroitzapenean gordetzekoak, motorrean egindako bidaiak.  Oroitzapenean gordetzekoak, Senaren ertzean egindako lasterketak.  Oroitzapenean gordetzekoak, karatea egin eta bere katak kale erdian entrenatzen dituen sekuentziak. Dantzalditik gero eta gertuago.

Víctor Iriarte

 

 

Más actividades de Foco: Pascale Ogier:

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.