Medialab magnoliatan, udaz gozatzeko espazio berria Tabakaleran | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak
2021-07-02 13:00

Medialab magnoliatan, udaz gozatzeko espazio berria Tabakaleran

Tabakalerako liburutegi-laborategiak udako proposamenaren zati bat eraikinaren kanpoaldean eskainiko du uztailaren 6tik aurrera.

"Medialab magnoliatan" programak jolasteko, irakurtzeko, esperimentatzeko edo liburutegi-laborategiko hainbat zerbitzuz gozatzeko espazioak eskainiko ditu, eta adin guztientzako jarduera-programa bat barne hartuko du.

 

Medialab, Tabakalerako sorkuntza liburutegi-laborategia, eraikinaren kanpoaldera zabalduko da, Andre Zigarrogileak plazan, eraikinaren sarreran dauden magnolien alboan, erabiltzaileek ohiko zerbitzuez goza dezaten eguzki-izpirik galdu gabe. Uztailaren 6tik abuztuaren 28ra bitartean, liburutegiaz aire zabalean gozatzeko parada izango da gustu eta interes guztietarako liburu, aldizkari, komiki eta jolas sorta batekin. Gainera, Medialabek eskaintzen dituen aukera guztiak baliatzeko, adin guztietarako jarduerak antolatu dira, asteartetik ostiralera, uztailean eta abuztuan, “Medialab magnoliatan” ekimenaren baitan.

Uztailaren 6an abiatuko da jarduera-programa, 1 eta 4 urte bitarteko haurrei zuzendutako lantegiekin. Astearteetan familien sormen-garapeneko tailerren txanda izango da. Asteazkenetan, aldiz, 8 eta 12 urte bitarteko haurrak izango dira protagonista. Haientzat, mota ezberdineko tailerrak antolatu dira, guztiak euskaraz: soinu efektuen sorkuntza eta esperimentazioa, kartoizko bideo-jokoak, kontzertuak, maskara lantegia etabar. Zientzia izango da ostegunetan egingo diren esperimentazio zientifikoko tailerren ardatza. Tailer horiek 5 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo dira. Aukera paregabea da teknologia-gaietara modu errazean eta eguneroko materialekin hurbiltzeko: airearen erresistentzia, presioaren eta energia-eraldaketaren arteko aldea, robotika... Asteari amaiera emateko ostiraletan Tabakaleraren kanpoaldea musikaz beteko duten DJ tailerrak izango dira. Lantegi horien helburua musika elektronikoaren kultura eta ekoizpena praktikatik zabaltzea eta gazteei eskuragarriago egitea izango da: DJ mahaien erabilera partekatua, saio baten prestaketa eta zuzeneko musika ekoizpena izango dituzte oinarri, besteak beste. Horrez gain, asteazkenero, 8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako Zubik tailerra izango da, goizetan.

Itzalpean irakurtzeaz, familian esperimentatzeaz eta Medialabek aire zabalean eskaintzen dituen zerbitzuez gozatzeaz gain, familientzako beste lau sormen tailer (Familia albuma, AurpEgiak, IzAki artikulatuak eta Sortu zure erretratoa) ere hartuko ditu Medialab Magnolietanen programak.

Halaber, familiak egunero hurbildu ahal izango dira eskulanak modu autonomoan egiteko berariaz prestatutako txokoetara, Medialabeko taldeak eskura jarriko dizkien materialari eta ariketa-proposamenei esker.

Eguraldi txarra izanez gero, programatutako jarduerak Medialabek Tabakalerako bigarren solairuan duen ohiko espaziora eramango dira.

Medialab mangnoliatan-en baitako jarduera guztietan Covid-19aren prebentziorako ohiko neurriak errespetatu beharko dira, eta ezinbestekoa izango da musukoa erabiltzea.

 

Informazio praktikoa

Ordutegia: Asteartetik larunbatera, 10:30-19:30

Andre Zigarrogileen Plaza (2deo kanpoaldean)