Focos (FC) - Meek's Cutoff, Kelly Reichardt, EUA, 2010, 104' - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak

Meek's Cutoff, Kelly Reichardt, EUA, 2010, 104'

Foco: Kelly Reichardt

Meek's Cutoff, Kelly Reichardt, EEBB, 2010, 104'

Zapi brodatu batek filmaren titulua erakusten du, baita istorioaren garaia ere: Oregon, 1845. urtea. Meek’s Cutoff izenak Stephen Meek gidariari egiten dio erreferentzia, filmaren pertsonaietako bati. Hori aitzindari-talde batek kontratatu du Willamette etorkizun handiko haranera eraman ditzan; izan ere, etorkizun handiko harana da Willamette, bertan ezartzeko moduko eremu berria.

Eremua eta urtea “Amerika Berria” oraindik kartografiatu gabe dagoen historiako garaikoak dira; mapek eta liburuek izenik gabeko haranak eta mendiak baino ez zituzten jasotzen garai hartan, baita beren lurrak eta tradizioak defendatzen zituzten bertako indiarren kontakizunak ere.

Hori guztia, Kelly Reichardtek zuzendutako western batek izan ditzakeen ezaugarri guztiak dituen western batean dago kokatuta: minimalista, detaileetan arreta berezia jarrita duena, galderaz beterikoa, zeluloidean grabatutakoa, paisaian zentratutakoa, eta protagonista batekin, Emily (berriz ere Michele Williams), bere bidaia osoan zehar ikusiko duguna.

Gainera, Reichardten lehenengo filmetan narrazio nagusiaren hainbat elementu noraezean geratzen ziren arren eta deribazioak eta distirak gerta zitezkeen arren, oraingoan dena argi dago. Hiru diligentzia paisaia lehor baten erdian eta galduta egoteko beldurra. Ez gehiago. Ez gutxiago.

Biziraupen-film bat da, bai. Lehenengo irudietan, ibai baten ondoan dagoen talde bat agertzen da. Natura eta animaliak kontakizunaren funtsezko elementu dira: ura elementu preziatua da, eta, idiak, zaldiak eta astoak izango dira bidaiako lagun.

Meekek kolono inbaditzailearen prototipoa irudikatzen du. Meek lasterbide batetik joan eta hortik gutxira ezer ez dagoen leku batean agertzen da. Meekek bertakoak mespretxatzen ditu. Meekek ekaitzen, hartzen erasoen eta heriotzara arteko borroken istorioak kontatzen ditu, “mendebalde basatiko” konkistatzaileen kondairaren oinarri direnak. Meekek ulertzen ez duen hori mespretxatzen du. Horren aurrean, beti borroka kultural eta humanista batean murgilduta, Emily pertsonaia dago. Emilyk ura nahiago du odola baino. Emilyk konfiantza nahiago du susmoak baino. Emilyk galderak nahiago ditu inposizioak baino. Emilyk ezagutzen ez duena behatu egiten du, eta, horri esker, ulertu egiten du. Emily eta filmeko gainerako emakumeak lehenengo planoan daude enfokaturik gehienbat, eta “gizon zuriaren” istorio epikoa plano orokorretan grabaturik dago. Pertsonaiak filmatzerako orduan distantzia neurtzea idazketa esplizitua egiteko modu bat da, eta hori ongi daki Kelly Reichardtek.

Eta dena hauts bilakatzear dagoenean, taldea ur gaziko urmael baten ertzean galduta dagoenean, urrezko pipiten aztarnategi bat aurkitzeak ere patua aldatuko ez duenean (“urrea ezin da edan”), bertako indioaren pertsonaia agertzen da. Meekek ehizatu nahi du. Baina Emilyk zaintzeko eta entzuteko ohitura ezartzen dio taldeari. Izan ere, Emilyk badaki norbaitek lagundu badiezaieke, lurraldea ondo baino hobeto ezagutzen duen pertsonaia horrek lagunduko dela, garai hartako ingelesean idatzitako aitzindarien edozein eskuliburu baino hobea baita. Momentu horretan, filmak itxura berri bat hartzen du, Kelly Reichardten filmetan ohikoa: bi pertsonaiek elkarrekin egiten dute aurrera. Bertako indioak bere hizkuntzan hitz egiten du eta paisaia horretako arbasoen ezagutzari eskatzen dio laguntza. Emilyk lehenik bere hizkuntzan hitz egiten du, eta ondoren bertakoaren hitzak eta keinuak behatzen ditu. Esaten duena ulertu arte. Are gehiago, gainerako cowboyak behartu egiten ditu munduari aurre egiteko duten modua aldatzera.

Reichardten laugarren film luzeak bere estiloa garbitzen du. Nazio baten jaiotzaren oinarriak erretratatzean zinemaren jatorriak aztertuko balitu bezala: kendu, kendu eta kendu, oinarrizkoa bakarrik utzi arte. Edonola ere, lana bere betiko kideekin gauzatu du: Jon Raymond idazketan; Todd Haynes ekoizpen exekutiboan; eta eskerrak ematean, zuzendariak oso hurbil sentitzen dituen zinemagileen izenak, hala nola Peter Hutton eta Peggy Ahwesh. Hain zuzen ere, azken zuzendari horrek, filmari buruzko testu batean, filmeko hiru emakumeen janzkera berezia nabarmendu zuen: pastel koloreko soineko luzeak eta eguzkitik babesten dituzten hiru kapela, alboetan dagoena ikustea eragozten dietenak. Hona hemen izenburuaren gakoetako bat: mugak ezabatzen saiatzen den filma da, muga geografiko eta pertsonalaren ideia norabide guztietara zabaltzen duena. Nahikoa da, Reichardten filmetan ikusi dugun moduan, bidaia bat hasi eta inguruan duguna arretaz, kontuz eta jakin-minez behatu eta ulertzea.

Atzerabegirakoa egiten ari garenez, amaitzeko esan dezakegu film honek oinarriak ezartzen dituela Kelly Reichardten hurrengo bi tituluentzat: Meek’s Cuttofeko lurralde ez‑abegitsu hori zeharkatu zuten emakumeen istorioak ondoren Certain Women (2016) filmean entzungo ditugun istorioak dira. Eta titulu horrentzako programa bikoitz perfektua Amerikako nazioaren jatorrien inguruko beste filma batekin osatu daiteke: First Cow (2019).

Beraz, Reichardten lurraldearen mapa bat dugu jada: paisaiaren puntuak beren artean lotzen hasten dira. Badakizkigu haran eta mendien izenak. Aurretik egin ditugun bideak ezagutzen ditugu, baita etorkizunean egingo ditugunak ere. Eta oraindik bidaiaren erdia egiteke dugu.

 

 

Más actividades de Foco: Kelly Reichardt :

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.