
Garai bateko jolas-areto ospetsuak eta horietako makina futurista ikusgarriak ez ziren soilik jolasteko. Topagune ere bihurtu ziren; sozializatzeko, beste batzuekin harremanetan egoteko eta, askotan, lehiaketa grinatsuak egiteko lekuak ziren.
Belaunaldi oso batek gozatu zuen atrakzio berezi horiez, eta, horregatik, ezinbestekoa da horiek berrikustea, gogoratzea eta omentzea. “Arcade sKroll”-ek unibertso iraultzaile horren legatuaren zati bat hartzen du, eta, kontzertu-formatuaren bidez, murgiltze-esperientzia batean parte hartzera gonbidatzen gaitu, kolorez eta txinpartaz beteriko garai hartako (teknologia itzalien garaiko) ehunka bideo-joko eta soinu-banda gogoratuz. Arcade makinetan, start botoia jolasten hasteko baino ez da erabiltzen.
Ez ahaztu egun honetan bertan Tabakaleran zabalduko dugun "Bideo jokoak: Play without end" erakusketatik pasatzea. Maiatzaren 13ra arte egongo da ikusgai.