Fokuak (FK) - Old Joy, Kelly Reichardt, AEB, 2006, 76' - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak

Old Joy, Kelly Reichardt, AEB, 2006, 76'

Fokua: Kelly Reichardt

 

 

Old Joy, Kelly Reichardt, AEB, 2006, 76'

 

Lurrari usaina dario, Portland hiriko gau euritsu baten ondoren lurrak izaten duen usain hori. Egunsentia da, eta edozein egun da Mark eta Tanyaren bizitzan, euren lehen semearen jaiotzaren zain dagoen bikote gaztea, pixkanaka-pixkanaka hastear duten garai berri hori nolakoa izango den irudikatzen ari direna. Orduan jotzen du etxeko telefonoak eta erantzungailutik ahots bat entzuten da: "Hey, Mark". Kurt da, aspaldiko laguna, hirira itzuli dela esanez eta ondo legokeela elkar ikustea.

Horrela hasten da Kelly Reichardten bigarren film luzea, urte batzuk geroago elkar berraurkitzen duten eta mendietara bidaia bat elkarrekin egitea erabakitzen duten bi lagunen erretratua. Jonathan Raymonden kontakizun labur batean oinarrituta dago filma, Raymond Justine Kurland argazkilariaren Old Joy liburuan oinarritu zen. Ipar-mendebaldeko basoetako komunitate naturista baten irudiak biltzen zituen liburua: gorputz biluziak, erritualak, ibai basatiak eta milaka urteko zuhaitzak.

Errepideko filmen lurraldera itzuliko gara, River of Grass filman gertatzen zen bezala. Baina hemen izpiritua beste bat da, inork ez du ihes egiten, inork ez du bere patua berridazten saiatzen, ez. Mark eta Kurt hogeita hamarrekoan daude, ustez dena finkatzen ari den une horretan, edo, behintzat, hori kontatu zieten gazteak zirenean, eta oraindik asko geratzen zitzaien "adinekoak izateko, heltzeko eta erabakiak hartzeko".

Kurtek bidaia bat proposatzen du mendietara, Bagbyko ur termaletara, Hood mendian. Kanpatzeko gau bat, garai zaharretan bezala. Eta hasieran Markek zalantza egiten badu ere, berehala dena onartu eta prestatzen du: lotarako zakua, garagardoak, errepide mapa bat eta Lucy bere txakurraren konpainia, dena Volvo 850 familia zaharrean kargatua, kolore marroi-argia, Oregongo XVX-460 matrikula.

Road-movie-etan funtsezkoa da jakitea zer jotzen duen autoaren irratian protagonistek paisaiak zeharkatzen dituzten bitartean. Eta Old Joyren irratian bi gauza entzuten dira: batetik, solasaldi politikoko saioak, non eskubide zibilak, alderdi errepublikarra eta demokraten porrotak aipatzen diren. Eta, bestetik, errepideko musika, kasu honetan, Yo La Tengo talde mitikoarena, jatorrizko soinu-bandaren egileak: gitarra elektriko bat, baxu bat eta bateria bat, rock-hirukoiztasun nagusia, mendebalderantz aurrera egiteko behar den gasolina bezalakoa.

Eta musiketatik filmaren soinuetara: basoak, natura, ibaiak, haizea. Zoragarria da Old Joyren soinu nahasketa, paisaia horietan zehar begiak itxita bidaiatzeko aukera ematen du. Eta, jakina, lagun izandako bi lagunen solasaldiak, uneren batean hautsezina zirudien lotura hori galdu zutenak. Hori da pelikula osoa zeharkatzen duen laugarren soinua, Kurt eta Markena, sutondoan kontatzen dituzten isilune, elkarrizketa eta istorioena: espazioaz eta denboraz hitz egiten dute, aitatasunaz, jada ez dauden lagunez, beldurraz, adiskidetasunaz, erabaki garrantzitsuak hartzeaz, betiko. Itxi zituzten disko dendez, ezezagunekin topaketez, liburu denda misteriotsuez eta ametsez mintzo dira, halako zerbait idazteko moduko ametsak: "Pena alaitasun agortua besterik ez da".

"Faltan botatzen zaitut", aitortu du Kurtek, Will Oldham musikariak interpretatuta.

Kelly Reichardt bere filmografian behin eta berriz itzuliko den lurraldea finkatzen du filmak: duetoen film intimistak, paisaia amerikarra, adiskidetasunari buruzko kontakizunak, denboraren eta bizitzaren iragaitea, memoria emozionala eta nolabaiteko malenkonia, natura eta gizatasuna lotzen dituena.

Film hau 2021eko martxoan ikusteak, oraindik pandemia betean bizi garenean, beste edozein unetan baino zentzu fisikoagoa hartzen du: distantziei eta maite dugun jendeari buruzko filma da hau ere; adiskidetasunari eta kontaktu fisikoari buruzkoa; gorputzei buruzkoa eta gure beldurrak sendatzeko moduari buruzkoa; bakarrik daudenen bakardadeari buruzkoa eta denboraren joanaren bakardadeari buruzkoa.

Film hau 2021eko martxoan ikustean Tsai Ming-liang ekarri genezake gogora, eta bere azken filma Rizi (2020), bakardadeari eta laguntasun fisikoari buruzko maisu-lana. Badira film batzuk -diskoak, liburuak, elkarrizketak, oroitzapenak- gure bizitzaren mapa bat balira bezala laguntzen gaituztenak: "Hemen gaude/Hona goaz". Zeharkatzen gaituzte. Hau film horietako bat da, niretzat behintzat izan da, Kelly Reichardten lehen filma ikusi nuen, duela hamar urte baino gehiago, nire bizitza zinemazalea baino musikalagoa zenean, eta Will Oldham debozioz jarraitzen nuen eta etengabe entzuten nuen musikari horietako bat zen. Hau amaierarik gabeko film horietako bat da, zeinetara beti itzul zaitezkeen. Zinematik etxerako itzuleran galdera zehatzak eragiten dituen horietakoa:

 

Non daude garrantzitsuak izan ziren eta egun batean desagertu ziren lagun guztiak?

Zer gertatu zitzaien?

Zer gertatu zen gu guztiokin?

Más actividades de Fokua: Kelly Reichardt :

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.