Sharon Lockhart | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Sharon Lockhart

Sharon Lockhart (1964, Norwood, Estatu Batuak) artista estatubatuarra da, Los Angelesen bizi eta lan egiten duena.

Lockhartek Pasadenako (Kalifornia) Art Center College of Design zentroan eta San Frantziskoko Art Institute erakundean ikasi zuen. Gaur egun, eskolak ematen ditu Kalifornia hegoaldeko CalArts zentroan. Lockhartek filmak, argazkiak eta bisualki erakargarriak eta sozialki konprometituak diren instalazioak egiten ditu, komunitateekin lan eginez denbora luzean. Bere lanak askotan elementu arkitektonikoak gehitzen ditu, eta ikerketa-epe luzeak eta modelo eta lankideekin eratzen dituen harremanak ditu ezaugarri.

Sharon Lockharten obraren erakusketa indibidualei dagokienez, esan behar da honako hauetan egon direla ikusgai: Fondazione Fotografia Modena-n (2018), Veneziako 57. Bienaleko pabiloi poloniarrean (2017); Kunstmuseum Luzern museoan (2015); Bonniers Konsthall museoan, Stockholmen, (2014); Ujazdowski Castle Center for Contemporary Art zentroan, Varsovian (2013); EACC Espai d’Art Contemporani de Castellón-n, Castelló de la Planan, Espainian (2012); LACMA, Los Angeles Konderriko Arte Museoan, Los Angelesen (2012); Kunstverein Hanburgon, Alemanian (2008); Chicagoko Arte Garaikidearen Museoan (2001); eta MAK – Österreichisches Museum für angewandte Kunst museoan, Vienan (2000). Bere lanak hainbat erakusketetan aurkeztu dira, hala nola Shangaiko Bienalean (2014), Liverpooleko Bienalean (2014) eta Whitneyko Bienalean (1997, 2000, 2004).