Sorkuntza artistikoari eskainitako lantegi irekien jardunaldiak Tabakaleran | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak
2021-11-22 12:45

Sorkuntza artistikoari eskainitako lantegi irekien jardunaldiak Tabakaleran

Hamar artista egoiliarrek publikoari irekiko dizkiote euren estudioak Tabakalerako Artisten Gunean.

Azaroaren 26an eta 27an artisten eta bisitarien arteko topaketa erraztuko duen jardunaldiak izango dira.

Tabakalerak berriro irekiko ditu Artisten Guneko estudioak bi jardunalditan, eta publikoak aukera izango du Tabakalerako espazio horretan, egoiliar gisa lanean ari diren artistekin elkarreragiteko eta sortzaileei laguntzeko programen bidez garatzen ari diren proiektuak bertatik bertara ezagutzeko. Artisten Gunea eraikinaren hirugarren solairuan dago, 1.000 metro karratu ditu eta publiko orokorrarentzat oharkabean pasatzen den espazioa da, baina funtsezkoa da Tabakalerak sormen-prozesu berriak bultzatzeko eta sortzaileei laguntzeko egiten duen lanean.

Estudio Irekietan parte hartzen duten artistak Artisten Gunean egoiliarrak dira joan den urritik urte honen amaierara arte. Bertan eskuragarri dauden baliabide eta zerbitzu desberdinak lantzeko estudio bat eta sortze prozesu osoan zehar laguntza bat eskaintzen zaizkie.

Estudio Irekien edizio honetan hamar artistak hartuko dute parte, eta horietako bost Tabakalerara egonaldi artistikoen nazioarteko programaren bidez heldu dira:

Gabriel Pericàs (Palma, 1988). Tracking Trile bere proiektua behaketa analitikotik eta trilero batek egindako mugimenduen jarraipenetik abiatutako eskultura multzo bat ekoiztea datza.

Gala Knörr (Gasteiz, 1984). Pastorala, ikerketa artistikoa oinarri duen proiektua, herri kulturan ezezagunak eta mainstream hedabideetatik at geratu ohi diren euskal artzainaren eta cowboy beltz estatubatuarraren figuren inguruan oinarritzea da.

Karlos M. Bordoy (Bilbo, 1982). Silver proiektuan fetitxeak, zeinuak eta sinboloak oinarri dituen obra multzo bat egin nahi du, amarratzearen potentzial formalari, funtzionalari eta metaforikoari heltzeko, zepoek egiturazko antolamendu-sistema gisa jarduteko duten modua behatuz.

Taxio Ardanaz (Iruñea, 1978). Euskal Herriko gizarte-mugimenduek 70., 80. eta 90. hamarkadetan egin zituzten pegatinen ekoizpen izugarritik abiatuta, Izan eta Esan proiektuak irudien ekoizpenari buruz dihardu, erresistentzia praktika gisa.

Candela Cienfuegos (Badajoz, 1997). La Pastora dokumentalak Florencio Pla Meseguerren istorioa kontatzen du. Florencio, Maestrazgo mendilerroko maki intersexual bat da, zibil-erregistroan emakume gisa inskribatu zen eta baina mendira ihes egin zuenean bere trantsizioa hasi zuen.

Proiektu Artistikoaren deialdiari erantzuten dioten eta bertan egonaldiak egiten dituzten artistez gain, bisitariek Espazioak Lagatzeko modalitatea baliatuta Tabakaleran garatzen ari diren sorkuntza-prozesuak ezagutu ahal izango dituzte. Edizio honetan, Irati Cano, Valery Rojas eta Macarena F. Puigen lana gertutik ezagutzeko parada izango da.

Era berean, Rocio Agudo eta Diogo Vaz artistek, Medialabeko egoiliar gisa bizi izan zuten esperientzia partekatuko dute, Summer Sessions 2021 egonaldi-deialdiari erantzunez euren proiektua Tabakalerako bigarren solairuan garatu ahal izan baitzuten joan den udan. Summer Sessions Rotterdameko V2_Lab for the Unstable Mediak sustatutako iraupen laburreko artea eta teknologia uztartzen dituen nazioarteko egonaldi-deialdi bat da, mundu osoko kultur erakundeen sare batekin batera antolatzen dena. Horien artean, aipatzekoak dira Art Center Nabi Seulen, Hangar Bartzelonan, iMAL Bruselan edo Points Center for Contemporary Art Shanghain.

Rocio Agudo (Zaragoza, 1996). Hhhhhoooooooooolllddddd proiektua Summer Sessions 2021 egoitzen deialdian hautatu zuten, Medialab Tabakaleran bere lan-prozesua garatzeko, eta kameraren eta artistaren arteko zenbait ekintza performatibotan oinarritzen da.

Diogo Vazek (Portugal, 1992) LAGU (Local Ambience Generative Unit) proiektuan lan egin du. Ikus-entzunezko instalazioa da eta denbora errealean sortutako audioak zuzenean kontrolatzen ditu. Vazen lana proiekzio ezberdinez osatuta dago, bakoitza soinu-geruza ezberdin bati konektatua.

Lantegi Irekien jardunaldiak Zin Ex. Gorputza eta arkitektura (Erakusketa-aretoa, 1. solairua) eta Chris Kraus. Pelikulak lehen eta gero (Lau Pareta Aretoa, 1. solairua) erakusketak eta Maialen Lujanbiok Tabakalerako eskailera nagusirako sortu duen «Bizitza Happening» soinu-instalazioa ezagutzeko aukera ederrak dira.

 

Artisten lantegietara bisitak

Azaroak 26, ostirala – 17:00-20:00 (Artisten Gunea)

Azaroak 27, larunbata – 11:00 – 14:00 (Artisten Gunea)