'Su hotza', 'Print!' eta 'Raval' izan dira 2deo serieak deialdian hautatuak | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak
2021-04-08 11:30

'Su hotza', 'Print!' eta 'Raval' izan dira 2deo serieak deialdian hautatuak

Angel Aldarondoren Su hotza euskarazko seriea, Paloma Moraren Print!  eta Victor Alonso-Berbel & Jan Matheuren Raval izan dira aukeratuak. Hautatutako hiru proiektuek 6.000 euroko laguntza jasoko dute eta datorren Donostia Zinemaldiaren Industry atalaren barruan  aurkeztuko dituzte euren-prozesuak

Aitor Gabilondo fikziozko ikus-entzunezko sortzaileak, Xabier Berzosa ekoizleak eta Donostia Zinemaldiko, EITBko eta Tabakalerako ordezkariek osatutako balorazio-batzorde batek aukeratu dituzte 2deo Serieak deialdiaren barruan garatuko dituzten hiru proiektuak. Batzordeak aurkeztutako proiektuen kalitatea eta sormena azpimarratu ditu, eta proposamen askoren izaera berritzailea ere nabarmendu du, gizarte garaikideari buruzko ikuspegi bat eta globaltasunaren anbizioa bateratzen baitituzte. 130 proposamen aurkeztu dira deialdira, bertako 20 euskaraz sortuak eta atzerrikoak: Txile, Mexiko, Argentina, Frantzia eta Suitza, besteren artean.

 

Aukeratutako proiektuak hauek dira:

Su hotza Angel Aldarondoren proiektua intrigaz betetako eta euskaraz sortutako 4 ataleko serie bat da. Kazetari gazte bat da protagonista nagusia, kanpoan denboraldi bat pasa ondoren Donostiara itzultzen da eta higiezinekin lotutako trama batean nahastuko da.

Print! da Paloma Morak aurkeztu duen serie-proposamena. 10 ataleko dramediak Martínez familiaren bizipenak kontatzen ditu. Zailtasun ekonomikoek behartuta, dirua faltsifikatzen hasiko dira. Benetako zenbait gertakari dauzka oinarrian.

Raval Victor Alonso-Berbel & Jan Matheuk sortu eta idatzitako 8 ataleko seriea thriller soziala da. Sofía protagonistak bere mutil-lagunaren identitatea ordezkatuko du hura hil ostean, eta rider bezala hasiko da lanean Bartzelonan.

2deo Serieak deialdia 2deo Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiak bultzatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren baitan. Gainera, Donostia Zinemaldiaren laguntza du. Deialdiak garapenerako espazio berri bat eskainiko die talentu berriei eta ibilbide profesional frogatua duten pertsonei, edozein formatu eta generotako serie-egitasmoa badaukate, nazioarteko anbizioduna bada eta euskarazko ekoizpenarekiko interes berezia badu.

Hautatutako hiru proiektuek 6.000 euroko laguntza jasoko dute garapenerako eta, gainera, mentoriak eta banakako aholkularitza izango dituzte. Apiriletik irailera bitartean saio presentzialak eta online saioak egingo dira, eta talde bakoitzak gidoiaren analisia eta berridazketa, proiektu bakoitzaren ekoizpen- eta banaketa-estrategia eta eszenaratzea landuko ditu.

Ekainetik uztailera bitartean, hautatutako proiektuen egileak eta deialdiaren mentoreak hiru egunez elkartuko dira Tabakaleran, esperientziak eta ezagutza partekatzeko.

Programaren azken zatian, Donostia Zinemaldiaren barruan, profesionalei zuzendutako topaketak egingo dira. Bertan, taldeek beren proiektuak sektoreko eragile garrantzitsuei aurkezteko aukera izango dute (ekoizleak, banatzaileak edo inbertitzaileak, plataformak eta telebista-kanalak), telesaila ekoizteko aukerak lortze aldera.

 

Biografiak

Angel Aldarondo Publizista, zutabegilea, kritikaria, post-produktorea… ikus-entzunezkoen sektorean lan desberdin asko egin izan du eta esperientzia zabala dauka. Azken urteotan askotariko lanak egin ditu telebistan: 'Hondar Ahoak' serierako idatzi, 'Una Historia de Vasconia' dokumental saila edo 'A Bocados' programa. 'Poseidon Oporretan' (2021) film laburra amaitu du eta egun, 'Simulacro, el don de de vivir dos veces' bere lehen lan luzea errodatzen ari da, Rafael Berrio musikariari buruzko sorkuntza-dokumentala. Urtetan zuzendari, gidoigile eta editore gisa aritu da hainbat telebista programetan, film labur askotan ere egin du lan, horien artean 'Ondar Ahoak' (2010) arrakastatsua.

Paloma Morak eskarmentu handia du ia bi hamarkadatan Espainian eta Espainiatik kanpo ikus-entzunezko formatu desberdinak ekoitzi eta/edo zuzendu ondoren. TV On Producciones ekoiztetxearen zuzendaria da, Informazio Zientzietan lizentziaduna da eta ikus-entzunezko komunikazioan DEA. 2deo Serieak deialdira aurkeztu duen Print! proiekturako María Mínguez gidoigilearekin elkarlanean aritu da.

Jan Matheuk eta Victor Alonso-Berbelek 'Clase valiente' dokumental luzea ekoiztu eta idatzi zuten 2016an elkarlanean.  DocsBarcelona estreinatu eta Film Onenaren Abycine Saria jaso ondoren, Espainiako 30 hiritan izan zen ikusgai eta Kataluniako Zinema Akademiaren Gaudi Sarietan dokumental onenaren sarirako izendatu zuten. Gidoilari gisa proiektuak garatu dituzte elkarrekin Movistar+ eta Atresmedia Studiosentzat. 'Flanagan' fikziozko seriea, Mediaprok garatutako izen bereko eleberrien egokitzapena, salmenta prozesuan dago. Gaur egun, 'Moderación' film luzea idazten ari dira, Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren egoitza artistikoen lehen edizioan parte hartzeko aukeratutako proiektua.