Tabakalerak 5 urte beteko ditu kultura eta sorkuntza sustatuz | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Zine sarrerak eta bonua
2020-09-08 10:45

Tabakalerak 5 urte beteko ditu kultura eta sorkuntza sustatuz

Tabakalera osatzen duten erakundeek egitarau berezia antolatu dute irailaren 11 eta 12rako. COVID19k sortutako egoeraren aurrean, programatutako jarduerek erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren prebentzio-neurriak beteko dituzte. 

Tabakalerak bost urte beteko ditu datorren ostiralean, irailaren 11n, eta berau osatzen duten erakundeek jardueren egitarau berezia antolatu dute datorren asteburuan urteurrena ospatzeko. 

COVID19k sortutako testuinguruak ez du aukerarik ematen Tabakalerak bere 5. urteurrena aurreikusi bezala ospatzeko. Hala ere, Tabakalera osatzen duten erakundeek ez dute urteurrena ospatzeko eta herritarrekin partekatzeko aukera galdu nahi izan. Horregatik, Tabakalerako ohiko programazio-eskaintzaren luxuzko bertsio bat programatzeko lan egin dute erakunde guztien artean, kulturaren adierazpen guztiak, sortzaileak eta kultur eragileak ere aldarrikatu nahi dituena.

Programazioa irailaren 11 eta 12ko asteburuan izango da, eta arte garaikideak, zinemak, pentsamenduak, musikak eta bisita gidatu tematikoek osatzen dute bere bizkarrezurra.

 

Arte garaikidearekin hitzorduak

Julio Le Parc artista argentinarra izango dugu lagun datorren irailaren 10ean, bere Kuboa lana aurkezteko egingo den ekitaldi instituzionalean. Zentroarentzat berariaz diseinatutako piezak hilabete gutxiren buruan eraldatu du 0 solairuko espazioa, eta arteaz gozatzea jende guztiarengana hurbildu du.

Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez. Kutxa Kultur Artegunearen erakusketaz gain, Tabakalerako patioak Supraspectives instalazioa hartuko du, Berlineko Quadrature artista-bikoteak sortua, Donostia International Physics Centerreko Raúl Angulo eta Silvia Bonoli astrofisikariekin lankidetzan, eta Tabakalerako Medialab zentrotik koordinatuta.

Quadratureren ikerketa artistikoa datuetan eta esperimentazio fisikoan oinarritzen da. Urtetan zehar gure planeta eta inguruko kosmosa esploratzeko metodoak lantzen aritu da kolektiboa, espazioko misio sekretu militarrak eta horiek sortzen duten zaborra aztertuz. Quadratureren ustez, unibertsoa leku ukiezina da, baina oso erreala bere gogoetetarako, bai emozio oinarrizkoenetarako bai teoria zientifiko aurreratuenetarako. Tabakaleran izango da ikusgai urteurrenean eta urriaren 11ra arte.

Zentroaren bosgarren urteurrenean José Antonio Sistiaga artista eta zinemagile donostiarra omendu nahi izan dute. Ostiral eta larunbat gauean, Nestor Basterretxea plazako fatxadan "ere erera baleibu izik subua aruaren..." (1968-70) lana ikusi ahal izango da. José Antonio Sistiagak egindako 35 mm-ko film luzea da, scope formatuan, koloretan eta soinurik gabe. Film honek, bere eskuz margotutako 108.000 fotogramekin, ordura arte zeluloidearen gaineko pintura ulertzeko modua irauli zuen.

Artista donostiarrak datorren ostiralean lehen solairuko erakusketa aretoan aurkeztu eta irekiko den Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora erakusketan ere parte hartzen du. Florian Wüstek komisariatutako erakusketak abangoardiako zinema, ordenagailuz sortutako artea eta 60ko eta 70eko hamarkadetan ekoitzitako bideoartea, filmak, instalazioak eta gaur egungo beste formatu artistiko batzuk biltzen ditu. Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora erakusketa sorta baten hasiera da. Erakusketa horiek artearen eta zinemaren arteko harremana aztertuko dute irailero, Donostia Zinemaldiarekin bat eginez.

Tabakalerak ekosistema osatzen duten erakundeen arteko lankidetzak indartzeko eta zentro honetan biltzen den ikus-entzunezko sorkuntzaren inguruko ezagutza eta talentua aprobetxatzeko egiten duen apustutik sortu da seriea.

Tabakalerako zine-aretoa, zentroak bere bost urteetan izan duen bilakaeraren erakusgarri da. Donostia Kulturak, Donostia Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolak, Euskadiko Filmategiak eta Tabakalerako zine-unitateak parte hartzen duten pantaila partekatuak agerian uzten du 5. urteurrenean ere ikusgai izango den zine-ekosistema baten sendotzea.

Zine saio bereziak: Parasite zuri-beltzean; Handia eta THX 1138 zuzeneko musikarekin.

Parasite (Bong Joon-ho, Hego Korea, 2019, 132 '). Zuri-beltzeko bertsioaren estreinaldia bere errealizadoreak formatu monokromatiko baten aurrean publikoaren esperientzia nola aldatzen den ikusteko duen kezkaren ondorio da.

Euskadiko Filmategiko Zine eta Zientzia zikloak emanaldi berezia izango du Handia filmaren proiekzioarekin (Aitor Arregi eta Jon Garaño, 114 '). Bere errealizadoreek eta berriki Altzoko Handiaren gorpuzkinak aurkitu dituzten Aranzadi Zientzia Elkarteko Paco Etxeberria eta Lourdes Herrasti gonbidatuek aurkeztuko dute filma.

THX 1138 (George Lucas, AEB, 1971, 90 ') Güiro Meets Russiaren zuzeneko musikarekin. THX 1138 George Lucasen lehen film luzea da eta unibertsitateko gertaera labur baten egokitzapena da. Güiro Meets Russia bikoteak, Kosmische Musiken, soinu-paisaien eta psikodelia esperimentalenaren eraginpean, zuzeneko musika jarriko dio distopia futurista horri.

 

Tabakalera guztientzat: bisita gidatuak, musika eta horma-artea

Irailaren 12an, larunbatean, bisitariek Tabakalera berraurkitu ahal izango dute. Tabako-fabrikako langile ohien testigantza, Jon Montero arkitektoak lehen pertsonan kontatuko birmoldaketa arkitektonikoa,  kultur proposamenak eta bisitatu ezin diren espazioak ezagutzeko aukera izango dute. Hori guztia Tabakalerako erakundeetako arduradunen eskutik (Jose Luis Rebordinos, Edurne Ormazabal, Joxean Fernandez), bisita gidatu tematiko sorta berezi batean.

Jerónimo Hagermanen Malas Madres instalazioari agur esateak, Sortwo artistaren hormako esku-hartzeak, Kiribil Konpainiaren Sableak familiei zuzendutako ikuskizunak eta Kutxa Fundazioaren eskutik Ghost Number talde donostiarraren kontzertuak askotariko egitaraua itxiko dute Tabakaleran.

 

Erreserbatu zure lekua

Programatutako jarduera guztiak doakoak izango dira, eta edukiera eta COVID 19 protokoloan ezarritako neurriak kontuan hartuta gauzatuko dira. Neurri horiek bisitari guztien segurtasuna bermatzeko balioko dute. Herritarrek Tabakaleraren webgunean edo zentroko Informazio Puntuan erreserbatu beharko dute euren lekua gaurtik aurrera. Gainera, programazioaren zati handi bat streaming bidez ikusi ahal izango da, Tabakaleraren webgunean.

 

Tabakalera-denbora: ikus-entzunezko sail bat

Bosgarren urteurrena dela eta, Tabakalerak proiektu berri bat aurkeztuko du, datozen hilabeteetan zabalduko dena, “Tabakalera-denbora” izenburupean (teaserra hemen ikusgai). Proiektu hori Morgancrea ekoiztetxeko Carlos Rodríguezek egin du, eta zientziari, pentsamenduari, arteari eta zinemari lotutako izen handiek parte hartzen dute kulturaren zentzuari eta Tabakalera bezalako kultura garaikideko zentro batek egin dezakeen ekarpen sozial garrantzitsuari buruzko hausnarketetan.

Bost urte kultura eta sorkuntzaren sustapenean

Inauguratu zenetik, Tabakalerak sorkuntza eta esperimentazioa izan ditu zeharkako ardatz, diziplinarteko mugak gainditu ditu eta gizartean modu desberdinetan eragina izan du. 

Bost urteko ibilbidearen ondoren, Tabakalera proiektu partekatu bat da gero eta gehiago, eta kultur esparruan lan egiten duten hainbat erakundez osaturiko zentro baten ikuspegi global eta bateratuaren alde egiten du. 

Tabakalera osatzen duten erakundeen arteko bateratasunaren konpromiso sendo hori, eragile guztiei eta bakoitzari bere aldetik indarra ematen dien elementua den aldetik, zentroaren lehen nortasun-ezaugarria da, eta elkarren artean antolatu den 5. urteurren honetan ere antzeman daiteke: Kutxa Fundazioa, Etxepare Euskal Institutua, LABe gastronomia digitaleko laborategia, Euskadiko Filmategia, Zineuskadi, Elías Querejeta Zine Eskola eta Donostia Zinemaldia.

 

5. URTEURRENEKO EGITARAUA

 

Irailak 10, osteguna

  • 19:00 Ekitaldi instituzionala eta Kuboaren aurkezpena Julio Le Parc artistarekin. (ONLINE)

 

Irailak 11, ostirala

  • 10:00-21:00 Supraspectives by Quadrature. Instalazioa.

  • 11:00-20:00 Sortwo-ren esku-hartze murala. 

  • 12:00-14:00/16:00-20:00 Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez. Erakusketa.

  • 18:00-19:30 Elkarrizketa: Julio Le Parc eta Ana Longoni (ONLINE)

  • 20:00-20:30 Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora erakusketaren aurkezpena (ONLINE)

  • 20:30-21:30 Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora. Erakusketa.

  • 21:00-00:00 "... ere erera..." J.A. Sistiagaren esku-hartzea fatxadan. 

  • 22:00 Parasite (Bong Joon-ho, Hego Korea, 2019, 132') zuri-beltzeko bertsioaren estreinaldia.

 

Irailak 12, larunbata

  • 11:00-20:00 Sortwo-ren esku-hartze murala.

  • 10:00-21:00 Supraspectives by Quadrature. Instalazioa.

  • 12:00-20:00 Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora. Erakusketa.

  • 12:00-20:00 Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez. Erakusketa.

  • 10:00- 11:15 Tabakalera ezagutu: 2deo eta EQZE. Bisita gidatua.

  • 10:30 -12:00 Tabakalera ezagutu: Jon Montero arkitektoarekin. Bisita gidatua.

  • 11:00 -12:15 Tabakalera ezagutu: sortzaileentzako baliabideak. Bisita gidatua.

  • 11:30-13:00 Tabakalera ezagutu: memoria eta Kearen artxibogileak. Hitzaldia.

  • 12:00-13:15 Tabakalera ezagutu: Euskadiko Filmategia. Bisita gidatua.

  • 12:00-12:45 Elkarrizketa: Florian Wüst eta Oier Etxeberria Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora erakusketaren inguruan. (ONLINE)

  • 12:30-13:30 Tabakalera ezagutu: Edurne Ormazabal zuzendariarekin. Bisita gidatua.

  • 13:00 Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarien 55. Edizioko irabazleak

  • 16:00-16:45 Kameleoiak gara! Arte biziak: Sableak. Familientzako jarduera. (ONLINE)

  • 16:30-18:00 Tabakalera ezagutu: J.L. Rebordinos (Donostia Zinemaldiko zuzendaria). Bisita gidatua.

  • 17:00-18:30 Tabakalera ezagutu: Medialab. Bisita gidatua.

  • 17:00-17:45 Hiru urtez goitik begira. Malas madres-i agurra. Elkarrizketa. (ONLINE)

  • 17:30-18:30 Tabakalera ezagutu: LABe. Bisita gidatua.

  • 18:00-19:30 Tabakalera ezagutu: Dr. Camino liburutegia. Bisita gidatua.

  • 18:00-18:45 Artea eta zientzia solasaldia: Quadrature + Silvia Bonoli eta Raúl Angulo (DIPC). (ONLINE)

  • 19:00 Handia (Aitor Arregi, Jon Garaño, Espainia, 2017,114') Gonbidatuak: Lourdes Herrasti, Paco Etxeberria, Aitor Arregi eta Jon Garaño. (ONLINE)

  • 19:45-20:00 Ars Electronica Festival konexioa (ONLINE)

  • 20:30-22:00 Kutxa Kontzertuak: Ghost Number. Zuzeneko musika.

  • 21:00-00:00 "... ere erera..." J.A. Sistiagaren esku-hartzea fatxadan. 

  • 22:30 THX 1138 (George Lucas, AEB, 1971, 90') Güiro meets Russiaren zuzeneko musikarekin. Zinema eta zuzeneko musika.