Tabakalerak Maialen Lujanbioren «Bizitza happening» soinu-instalazio berria aurkeztu du | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak
2021-11-05 12:15

Tabakalerak Maialen Lujanbioren «Bizitza happening» soinu-instalazio berria aurkeztu du

Urriaren 21etik otsailaren 27ra bitartean Lujanbioren “Bizitza happening” hartuko du Tabakalerak eskailera nagusian.

Tabakalerak soinu-instalazioak oinarri dituen Scala proiektuaren hirugarren sorkuntza aurkezten du, Maialen Lujanbio Zugastiren (Hernani, 1976) "Bizitza happening". 

Eraikinaren eskailera nagusirako ad hoc sortutako soinu-lan hau, eskailera atzealdean bertan egileak bere begiz ikusitako pasarte batetik eta hark sortutako talkatik abiatzen da. 

Bizi puska bat, Kultura Garaikidearen Zentroaren baitan begiratua. Gertakari zehatz hau gogoetagai orokorragoen txinparta pizten duen abiapuntua baino ez da: errealitatearen, errepresentazio artistikoen eta begiradaren arteko triangulazioa dago piezaren ardatzean. Horien arteko hurbil-urrunaz, elkar eraginaz edo eraginik ezaz ari da, bozgoran emandako pentsamenduetan. 

“Bizitza happening” letra eta soinuzko instalazioan, geruza desberdinek egiten dute bat. Izan ere, soinuaz gainera Tabakalerako eskailera burutean irakurri daitezkeen hainbat idatzizko testu zatik osatzen dute instalazioa. Testu horiek soinu-lanaren partitura gisa ulertzen dira eta, Scalako gainontzeko proposamen guztietan bezala, espazioan fisikoki aurkezten dira.

Xabier Erkizia soinu-ekoizle eta artista izan du lagun Lujanbiok “Bizitza happening” sortzeko, izan ere, lanaren alderdi teknikoan hartu du parte: piezaren grabazio eta edizioan, hain zuzen ere. 

Pieza hau urriaren 21etik 2022ko otsailaren 27ra arte bisitatu ahal izango da Tabakalerako eskailera nagusian, eraikina irekita dagoen ordutegian. 

 

Scala-ren hirugarren proposamena

Eraikineko eskailera nagusirako sortu zen proiektua da Scala. Musikara eta soinura hurbiltzeko dauden hamaika hizkuntza eta moduak ikertzeko xedez sortu zen; hala, interakzio berri eta harrigarriak sortzen ditu soinu-piezen eta askotariko publikoaren zirkulazioa ezaugarri duen gune arkitektoniko baten artean.

Scalak musika eta musika kanpoko harremanetan sakontzera gonbidatzen gaitu, entzuten dugunean eta entzuten ez dugun horretan sakontzeko, soinuaren eta zentzumenaren edo gizatiarraren eta mekanikoaren arteko trukearen inguruan hausnartzeko.

2021eko abenduaren 10ean abiatu zen proiektua Pauline Oliverosen “Sound Patterns” piezarekin. Lan hau 1961ean sortu zuen Oliverosek eta Vocal Constructivists-ek interpretatu zuen. Bost hilabetez egon zen entzungai Tabakaleran. 

Ondoren, Niño de Elcheren txanda iritsi zen aurtengo maiatzean. Eskailerarako “La pena y el alivio” izeneko soinu-pieza sortu zuen diziplina anitzeko artistak, eta lau hilabetetan zehar.

Maialen Lujanbioren lanak hartuko du orain artista horien lekukoa, eta otsailaren 27ra arte bisitatu ahal izango da.

 

Biografia – Maialen Lujanbio

Maialen Lujanbio Zugasti (Hernani 1976). Bertsolaria da.

Arte ederretan lizentziatua. Bere ibilbidea bertsogintzan egin du Maialen Lujanbiok. 30 urteko ibilia du Euskal Herrian plazaz-plazako bat-bateko bertsogintzan. Bertsolaritzaren momentu, molde eta genero ezberdinak ibili ditu belaunaldi ezberdinetako kideekin eta gintza horren garapenean parte da egun ere.

Lekuan lekukoari eta garaian garaikoari erabat loturik dagoen bat-bateko jardun horretan zaildu da Lujanbio, baina horrez gainera, inprobisaziotik eta bertsotik abiatutako arnas luzeagoko proiektu artistikoetan ere parte hartu izan du. Bertsoaren mamiaren eta formaren gaineko kezkak bertsoen bestelako aukera espresiboak arakatzera eraman du. Bertsotik hitzetara, ahozkotik idatzira eta kantutik soinura, bakarkako lanak ez ezik beste eremu batzuetako egileekin ere lan ugari egin du.