Tabakalerak Medialab aurkeztu du, sormenerako eta esperimentaziorako liburutegi-laborategi berria | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2020-07-25 13:15

Tabakalerak Medialab aurkeztu du, sormenerako eta esperimentaziorako liburutegi-laborategi berria

Ubik sorkuntza liburutegiak eta Hirikilabs teknologia eta kultura digitalaren laborategiak bat egin dute  Medialab sortzeko.

Komunitateen arteko lankidetza eta ikaskuntzarako eta sorkuntzarako irisgarritasuna dira Medialab Tabakaleraren oinarriak.

Bosgarren urteurrenean, Tabakalerak Medialab aurkeztu du; Ubik sorkuntza liburutegia eta Hirikilabs teknologia eta kultura digitaleko laborategia biltzen dituen proiektu, espazio eta zerbitzu berritua.

Hainbat urtez bi proiektu bereizi gisa jardun ondoren, Tabakalerak, sorkuntza-zentro gisa, ahaleginak, ezagutza, ikaskuntza eta bitartekoak batzen ditu herritarren erabilerarako zerbitzu bateratu bat planteatzeko. Proiektu bakoitzak duen onena eskainiko du bertan, eta bien baturak erabiltzaile-esperientzia berri bat aberastuko du.

Horrela sortu da Medialab, Tabakalerako eremurik handiena, eta liburutegi-laborategi kontzeptu eboluzionatu bat: jakintza eta ezagutza desberdinek bat egiten duten eta elkarlanean egiten den sorkuntza sustatzen duen leku bat.

Ubik eta Hirikilabs proiektuen baturak, espazioak eta zerbitzuak berrantolatzetik sortutako hobekuntzak proposatzeaz harago, ekintza-ildo berriak garatzea ahalbidetuko du. Medialabek bultzatutako proiektuek komunean izango duten metodologia jakintza desberdinetatik eta osagai sortzailearekin lankidetzan aritzea izango da, garrantzi soziala duten gaiak lantzeko: dela gizarteratze-proiektuak sortzaileekin garatzeko, dela proiektu artistikoak garatzeko zientzia-teknologia-gizartea elkargunean..

Ekintza-ildoez gain, espazioa ere egokitu egin da: kokapen desberdinak izan dituzten bi proiektuek Tabakalerako bigarren solairuan bat egindako espazioan proiektu komun bihurtu dira, horietako bakoitzaren beharrezko garapen partikularra behar duena izango bada ere. Pertsonak, profesionalak, programak, zerbitzuak, espazioak, tresnak eta ezagutza elkartzeak hobetzeko aukera berriak planteatzen ditu.

Medialab zerbitzu berriak herritarren alde eta herritarrentzat lan egiten jarraituko du, adina, gizarte-egoera eta espezializazio- edo ezagutza-maila bereizi gabe; herritarra ahalduntzera bideratutako zerbitzua da, sortu, esperimentatu, ikasi eta gozatu ahal izateko. Eta, era berean, tokiko komunitateak eta sareak sustatzen eta elikatzen dituen zerbitzua da, sorkuntzaren bidez gizartea eraldatzeko funtsezko elementu gisa.

 

Zientzia, artea eta teknologia erronka sozialei aurre egiteko

Medialabek bere nazioarteko sareak sendotu ditu eta udatik aurrera Europako hainbat zentrorekin lankidetzan ariko da lanean. Erronka sozialei irtenbide sortzaileen prototipoak sortzea jomuga duten zenbait proiektutan.

Uztailaren 20tik 27ra bitartean, Summer sessions arte eta teknologiako egoitzak, egingo dira Medialabeko laborategian. Rotterdameko V2 arte eta teknologiako laborategiarekin elkarlanean arituko diren tokiko hainbat artistak parte hartuko dute, egitasmo komun bat gauzatzeko.

Ildo beretik, Medialabek Quadrature hartuko du uztailean, datu eta esperimentu fisikoak ardatz dituen ikerketa artistikoko kolektiboa. Berlinen egoitza duen artista bikoteak teknologia hainbat errealitate irakurtzeko eta idazteko baliabidetzat hartzen du, eta gure munduaren esplorazioaren eta inguruko kosmosaren inguruan lan egiten du.

Juliane Götz eta Sebastian Neitsch Quadratureko kideek, Donostia International Physics Center-eko zientzialariekin eta Medialabeko laborategiko Astronomia hiritarra talde irekiarekin elkarlanean, instalazio handi bat ekoitziko dute, Tabakaleran irailean inauguratuko dena, kultura garaikideko nazioarteko zentroaren 5. urteurreneko programazioaren esparruan.

Irailean, Food Hack Lab proiektuak Celler de Can Roca jatetxeko I+G+B taldeko kideak hartuko ditu. Lantegi bat eskainiko dute eta bertan birziklatze eta diseinu prozesuetan duten esperientzia partekatuko dute, munduko jatetxerik onenetakoa baita. Lehen tailer honek gastronomiari, lehen sektoreari eta elikagaien teknologiari buruzko ziklo teoriko-praktiko baten hasiera ezarriko du.

Medialabek, bere aldetik, Udako lantegiak proposamen programatikoa eskaintzen du udako hilabeteetarako. Tailer horiek online egingo dira osasun-neurriak jarraituz. Jarduera eskaintza anitza izango da eta fanzineak, ikus-entzunezkoak, kaleko artea, 3D modelazioa, performancea, musika elektronikoa eta cut out delakoa izango ditu hizpide.

Uztailetik irailera bitartean, asteartero eta ostiralero, Medialabek udako hainbat txoko irekiko ditu elkarrekin familian egoteko. Horietan, robotika, soinua, aerodinamika, bideojokoak eta arte plastikoak bezalako gaiak landuko dituzte, eta familia-dinamikak sustatuko dituzte.

Medialabek jarraipena emango die sorkuntza-liburutegiaren eta herritarren laborategiaren proiektuei: Medialab Inklusiboa, Plaza, Talde irekiak, Summer Lab, Eginzaleak eta Ikasgelatik laborategira.

 

Medialabeko zerbitzu guztiak

Tabakalerako Medialabek hainbat zerbitzu jartzen ditu herritarren eskura, ikaskuntza, sormena eta gozamena sustatzeko.

Zerbitzu batzuk apalategietan, zerbitzarietan edo sarean dauden edukiak bilatzeko eta zabaltzeko dira. Beste batzuk, aldiz, ikaskuntza eta hausnarketa bultzatzera zuzenduak.

Medialaben espazioa ere zerbitzu bat da berez, eta bisitatzen duen pertsona bakoitzak lan egiteko, partekatzeko, ondo pasatzeko, ikasteko, jolasteko edo, besterik gabe, egoteko aukera izan dezan pentsatu da.

Medialabeko erabiltzaileek liburuak, bideoak edo bideo-jokoak ez ezik, bideo- eta audio-tresnak (kamerak, grabagailuak...) edo Plato-a eta Estudioa bezalako espazioak erreserbatu ditzakete, baita laguntza espezializatua ere.

 

Medialabeko edukiak

Medialab-eko liburutegiko bilduma egunez egun aberasten da, hainbat iturri eta proiektu erabiliz, kultur zentroaren gai-arloekin lotutako ahalik eta informazio onena eta eguneratuena biltzeko. Dokumentu horiek pertsona guztientzat daude eskuragarri Makusi-Tabakalerako artxiboan eta Medialab-en katalogoan. Liburutegiaren katalogoak 32.000 erregistroren informazioa biltzen du, eta bilaketa espezifikoak egiteko eta edukiak erreserbatzeko aukera ematen du.

Era berean, Medialabek Minimap, Euskal Herrian sortutako bideo-jokoaren mapa, jarri du herritarren zerbitzura. Proiektu hori Tabakalerak bultzatu du, bideo-jokoen tokiko ekoizpena bildu, eskuratu eta ikusarazteko. Minimapek mota guztietako bideo-jokoak biltzen ditu: herrikoiak, komertzialak, independenteak, artistikoak... Horrela, sortzaile guztiek, amateurrek zein profesionalek, beren sorkuntzak jendearen eskura jartzeko aukera dute.

Gaurtik aurrera, Medialabek atal berri bat izango du Tabakaleraren webgunean. Bere sare sozial propioak ere estreinatuko ditu, Instagramen eta Twitterren. Horien bidez, Medialabeko herritar laborategiaren eta sorkuntza liburutegiko komunitateen arteko lotura harremanetan jartzeko espazioa sortuko da.

 

Tabakalerako Medialaben informazio praktikoa

Ordutegia:

Asteartetik larunbatera: 10:00 - 20:00

Igande eta jaiegunetan (astelehenetan izan ezik): 10:00 - 14:00

Astelehenero itxita (jaiegunak barne)

Tabakalerako 2. solairua

 

Jarrai ezazu Medialaben aktualitatea Twitter eta Instagramen.

 

Harremanetarako:

medialab@tabakalera.eu

 +34 943 475 050