Tabakalerak 'Non dago zinema?' V. Nazioarteko zinema mintegia aurkeztu du | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2020-11-19 12:00

Tabakalerak 'Non dago zinema?' V. Nazioarteko zinema mintegia aurkeztu du

Mintegiaren egitarauaren bertsio murriztua azaroaren 25etik 28ra egingo da eta hitzaldiek, proiekzioek, bisita gidatuek eta mahai-inguruak osatuko dute.

Azaroaren 25etik 28ra egingo da Tabakalerako zinema aretoan Non dago zinema? Zinemaren Nazioarteko V. Mintegia. Gaur egungo pandemia-egoeraren ondorioz ezinezkoa da programa irudikatu zen bezala garatzea; horregatik, publikoarekin partekatu nahi zenaren espiritua mantentzen duen bertsio murriztua da programatu dena. Mintegia Donostia Zinemaldiarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean sortutako Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora erakusketarekin elkarrizketa moduan sortu da eta beronen jarduera paraleloen programaren barruan dago. Hori dela eta, Florian Wüst erakusketaren komisarioak gidatutako bi bisita programatu dira, erakusketak proposatzen duen ibilbidearen nondik norakoak eta hausnarketak bertatik bertara ezagutzeko.

Tabakalerako Non dago zinea? V. Nazioarteko Zinema Mintegiak, hausnarketarako abiapuntu izango diren bi film hartzen ditu erreferentziatzat: Jackie Raynalen Deux Fois (1968) eta Samuel Beckett eta Alan Schneiderren Film (1965). Lau egun iraungo duen programan zinefilia berriaren inguruko galderak aireratuko dira; zinemaren izaera espektralari buruz aritzeko tartea izango da; zinema-mamuak-bizitza-artea elementuen arteko imitazioa aztertuko da; eta zinema-aretoen, partekatutako bizipenak ahalbidetzen dituzten guneen etorkizunaz jardungo dira. 

Gonbidatuen artean, Nuria Gomez Gabriel, Ángela Millano eta Julian Pacomio, Vicente Monroy eta Florian Wüst egongo dira.

V. Nazioarteko Zinema Mintegiaren bertsio murriztua osatuko duten saioetan parte hartzeko, sarrerak edo gonbidapenak (0’90€ kudeaketa gastuak) online eskuratu ahal izango dira tabakalera.eus webgunean, baita Tabakalerako Informazio Puntuan ere. Gainera, Nuria Gomez Gabriel eta Vicente Monroyren hitzaldiak Tabakaleran modu presentzialean egingo dira, baina streaming bidez ere jarraitzeko aukera izango da online.tabakalera.eus-en.