Tabakalerak 'Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora' aurkeztu du, zinema esperimentalaren inguruko anbizio handiko bidaia | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak
2020-09-11 09:15

Tabakalerak 'Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora' aurkeztu du, zinema esperimentalaren inguruko anbizio handiko bidaia

Abangoardiako, ordenagailuz sortutako eta bideoarte zinema-lanez osatutako nazioarteko hautaketa batek zinemaren eta artearen arteko harremana aztertzen du. Donostia Zinemaldiarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean egindako erakusketa gaurtik 2021eko urtarrilaren 31ra arte egongo da ikusgai.

 

Bere bosgarren urteurrenean, Tabakalerak Zin ex. Abstrakziotik algoritmora, zinema hedatuari eskainitako erakusketa aurkeztu du, Florian Wüst-ek komisariatua eta zinema esperimentalaren, bideoaren eta ordenagailuz sortutako artearen historia ardatz hartzen duena. Arteak eta zinemak bat egiten dute erakusketa berri honetan. Hainbat herrialde eta belaunalditako hogeita hamar artista eta zinemagileren lanak biltzen ditu, eta bigarren zati bat izango du 2021eko irailean, Donostia Zinemaldiaren 69. edizioarekin batera.

Proiektu honen bitartez, Tabakalerak bertako ekosistema osatzen duten erakundeen arteko lankidetza indartzeko apustua egin du eta Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan biltzen den ikus-entzunezko sorkuntzaren inguruko ezagutza eta talentua aprobetxatzeko hautua. Zehazki, Donostia Zinemaldiarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin partekatutako lan-prozesu baten emaitza dugu erakusketa hau.

Proposamen berri honek arte plastikoen eta teknika zinematografikoen arteko harremanak aztertzen ditu. Hausnarketa-eremu horrek irudiei begiratzen diegun moduari eragiten dio, baina baita inguratzen gaituen munduari edo gure memoria indibidual eta kolektiboa taxutzen duten formei ere. Logika horiek ikustea, hitz egitea eta zalantzan jartzea da, hain zuzen ere, erakusketa hau sustatzen duen aparatu kritikoaren helburua.

Oinarri horrekin, Zin Ex-ek zinema esperimentalaren ehun urteko ibilbidea berrikusten du, konbentzio zinematografikoei aurre egin diena, eta abangoardiako piezen, ordenagailuz sortutako artearen eta hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan ekoitzitako bideoartearen nazioarteko hautaketa bat aurkezten du. Filmak, instalazioak eta beste formatu artistiko garaikideago batzuk ere barne hartzen ditu.

Zinemaren historian zehar mende bateko bidaia osatzen duten lanen artean, honako hauek izango dira ikusgai: Walter Ruttmanen 20. hamarkadako lehen urtetako "zinema abstraktua"; Robert Jankerren x izpien film ezagunak; Javier Aguirre euskal zinemagileak 1967 eta 1971 artean filmatutako zortzi film laburrez osatutako Anti-Cine sortako bost film; Jose Antonio Sistiagak eskuz margotutako lehen film luzea; Salvador Dalik, Philippe Halsman argazkilariarekin batera, New Yorkeko estudio batean grabatutako filma; Baloji musikari eta multimedia-artista kongoarraren film labur satirikoa, etengabe sarean egoteko egungo obsesioari buruzkoa, eta amazon.com webgunean liburu bat erostean sortutako ingurumen-aztarna erakusten duen lana, Joana Moll artista bartzelonarrarena.

Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora gailu teknikoaren (kamera zein ordenagailu bat izan) baldintza materialen azterketa artistikora hurbiltzen da, eta sormen-prozesuek jasandako eraldaketak eta horietatik gure munduaren inguruan modu kritikoan hausnartzeko sortu ziren aukerak islatzen ditu. Finean, arte-adierazpenen eta unean uneko teknologia-aukeren arteko harremana aztertzen du.

Fenomeno optikoak, patroi geometrikoak, soinu bidez sortutako mugimenduko irudiak, poesia zehatza, erritmo automatikoak, irudikatu gabe geratzen denaren irudikapenak: Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora ikus-entzunezko esperientzien espektro zabala eskaintzen du, ikusteko onartutako moduei eta existitzen denari buruz ditugun nozioei aurre egiten diena. Testuinguru sozialak praktika artistikoan duen garrantzia azpimarratuz, erakusketak teknologia digitalak eragindako gizarte globalaren inplikazio politiko, ekonomiko eta kulturalak ere aztertzen ditu.

Erakusketak hainbat jardueraz osatutako programa paraleloa ere barne hartzen du (ikus eranskina). Esaterako, azaroaren 25etik 28ra izango den V. Nazioarteko Zinema Mintegia edota Arte-Makina, arte garaikidera hurbiltzeko ikastaro berria.

 

Erakusketaren komisarioa: Florian Wüst

Florian Wüst zinema komisarioa, artista eta Berlinen bizi den editorea da. Nazioarteko arte-, zinema-erakunde eta jaialdi erakunde ugarirentzako zinema-programak antolatu ditu. 2016tik 2020ra Transmedialeko zine eta bideo komisarioa izan zen. Berlin JournalsOn the History and Present State of the City argitalpenaren sortzaileetako bat da.

Parte hartzen duten artistak:

Javier Aguirre, José Luis Alexanco, Baloji, Wojciech Bruszewski, Henri Chopin, Guillermo Cifuentes, Salvador Dalí & Philippe Halsman, Forough Farrokhzad, Florian Fischer & Johannes Krell, W+B Hein, Narcisa Hirsch, Takahiko Iimura, Robert Janker, Kenneth C. Knowlton José Val del Omar, Maarten Vanden Eynde, Stan VanDerBeek eta RuthWolf-Rehfeldt.

 

Erakusketa-aretoaren ordutegia (1. solairua)

Asteartetik igandera: 12: 00-14: 00/16: 00-20: 00

Astelehenetan itxita