Tabakalerako artista egoiliarren lanak eta prozesuak ikusgai 'Estudiotik at. Bost urtetako sorkuntza' erakusketan | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak
2021-02-25 11:30

Tabakalerako artista egoiliarren lanak eta prozesuak ikusgai 'Estudiotik at. Bost urtetako sorkuntza' erakusketan

Estudiotik at. Bost urtetako sorkuntza erakusketak, euren proiektuak Tabakalerako Artisten Gunean garatu dituzten artisten lanak aurkeztuko ditu, lehen aldiz jendaurrean. Azken bost urteetan Tabakalerako Artisten Gunean sortutako 35 lan dira guztira ikusgai izango direnak. 2015etik gaur arte, erakusketa berri honetan parte hartu duten artistak zentroko espazio horretan egonaldiak egin dituzte, nazioarteko egonaldi programari esker.

Tabakalerak, erakusketa honekin, arte sorkuntzarako zentro gisa egiten duen lana berresten du, eraikinaren hirugarren solairuan dagoen 1.000 m² -ko espazioan (Artisten Gunea) egindako lanaren zati bat aurkeztuz. Espazio hori oharkabean pasatzen da publiko orokorrarentzat, baina funtsezkoa da sormen-prozesu berriak bultzatzeko, eta sortzaileei egiten duen lanean laguntzeko.

Gaur Tabakalerako Erakusketa-aretoan aurkezten diren lan askok bertako eta nazioarteko zirkuituetan zehar egin dute ibilbidea, eta erakusketa honen bidez, sortu ziren lekura itzuli dira. Multzoa heterogeneoa da, hainbat diziplina artistiko biltzen dituena: pintura, eskultura, instalazioa, argazkia, soinua edo bideoa, besteak beste. Era berean, piezek lantzen dituzten gaiak askotarikoak dira, eta kasu batzuetan elkarrekin lotuta daude, edo antzeko ikerketa-ildoak partekatzen dituzte, bai eta testuinguru komunak ere.

Erakusketa hau praktika artistiko garaikidean ematen diren egiteko modu ezberdinen isla ere bada. Lan metodologiei dagokienez, bakarka lan egiten duten artistak aurkituko ditugu, baina baita elkarrizketa, ikaskuntza eta ulermena ardatz dituzten sorkuntza prozesuetan elkarrekin lan egin duten beste asko ere.

Estudiotik at erakusketak, finean, hemengo eta oraingo artea erakusten du eta, horrekin batera, artistek bizi duten eta partekatzen duten errealitate konplexua modu sinboliko eta pertsonalean nola lantzen den ikusteko aukera ematen du.

Horrela, erakusketa-ildo berri bat irekiko da Tabakaleran, Artisten Gunean gertatzen diren ekoizpen artistikoko prozesuak agerian jartzeko helburuari erantzuten diona, eta datozen urteetan jarraipena izatea dago aurreikusita.

 

Lantegiaren barruan

Parte hartu duten artista guztiek, azken bost urteotan, Artisten Gunean egoiliar izateko aukera izan dute hainbat astez. Denbora horretan, lan egiteko lantegi edo estudio bat egokitzen zaie, bai eta zentroan erabilgarri dauden hainbat baliabide eta zerbitzu eskaini ere. Alde horretatik, garrantzitsua da azpimarratzea egoiliarrei Tabakalerako kultura-ekosistemak egiten dien ekarpena -eta baita alderantziz ere-, zentroa osatzen duten arlo eta erakundeen artean bat-bateko lankidetzak eta elkarreraginak ahalbidetzen baititu, eta, horrek, egonaldia garatzen duen pertsonaren esperientzia aberasten du, ezagutzak eta interesak partekatuta.

Artisten Gunea topagune bat da, eta bertan, espazioaz gain, artistek hainbat baliabide dituzte eskura, hala nola errebelatze-laborategiak, ikus-entzunezko postprodukzioko kabinak edo gorputza eta arte biziak lantzeko platoa. Halaber, laguntza eskaintzen zaie sormen-prozesu osoan zehar.

Gainera, urtean bitan, Lantegi Irekiak antolatzen dira. Jardunaldi horietan, artisten lantegiek ateak irekitzen dizkiote publikoari, bertan dauden artisten lana eta haien lan-prozesuak ezagutzera emateko, eta artisten eta publikoaren arteko topaketa eta elkarrekintza ahalbidetzeko.

 

Programa publikoa

Hain zuzen ere, Lantegi Irekien jardunaldiak emango dio hasiera erakusketaren irekiera-programari, bihar, hilak 26, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Tabakalerako hirugarren solairuan. Gaur egun egoiliar gisa lanean ari diren artistek beren lantegietako ateak irekiko dizkigute garatzen ari diren proiektuak bertatik bertara erakusteko. Ondoren, 19:00etan, Erakusketa Aretoak ateak irekiko ditu eta bertan mostran parte hartu duten zenbait artista egongo dira. Lantegi Irekien jardunaldiak larunbat goizean, hilak 27, jarraituko du 11:00etatik 14:00etara.

Lantegietara egindako bisitez gain, hainbat jarduerek osatzen dute datozen hilabeteetan zehar eta erakusketa amaitu arte garatuko den egitarau publiko zabala. Hitzaldiek, elkarrizketek, performance-ak, proiekzioek, familientzako tailerrek, Arte-Makina arte-ikastaroak eta zenbait bisita gidatuk osatuko dute Erakusketa-aretoan bertan eta Tabakaleraren webgunean kontsultatu ahal izango den jarduera-programa.

 

Artisten zerrenda

Parastoo & Faraz Anoushahpour & Ryan Ferko / Nadia Barkate & Ignacio García / Bernd Behr/ Erik Blinderman & Lisa Rave / Susana Cámara / Marianna Christofides / Estanis Comella / Sandra Cuesta / Itxaso Díaz & Cai Tomos / Sophie Dyer & Solveig Suess / Mirari Echávarri / Julen García / Gabriel Garcilazo / Harrotu Ileak / Maja Hodoscek / Izaro Ieregi / Sahatsa Jauregi & Julià Panadès / Eszter Katalin / Ainara LeGardon & Ignacio Córdoba / Alberto López & Manuel Prados  / Claudia Lorenzo / Laura Maioz & Manu Muniategiandikoetxea / Harley Martínez / David Martínez Suárez / Fran Meana / Cristina Mejías / Ángela Millano & Julián Pacomio / Jorge Núñez de la Visitación / Miel Oyarzabal / Agnès Pe / Javier Rodríguez Pérez-Curiel / Kristina Solomoukha & Paolo Codelupi / Milena Rossignoli & Mikel Escobales / Natalia Suárez & Gómez Selva / Lisa Tan / Mar Torre / Philip Widmann.

 

Erakusketa-aretoaren ordutegia

Asteartetik igandera: 12:00-14:00 / 16:00-20:00

Astelehenetan itxita