Tabakalerako zinemak Rotterdameko zinemaldiarekin bat egingo du | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak
2018-01-22 08:45

Tabakalerako zinemak Rotterdameko zinemaldiarekin bat egingo du

Bigarren urtez, ostiraletik igandera arte (urtarrilaren 26tik 28ra), Tabakalerako zinema aretoak bat egingo du Rotterdam-go Nazioarteko Zinema Jaialdiarekin. 

Bigarren urtez, ostiraletik igandera arte (urtarrilaren 26tik 28ra), Tabakalerako zinema aretoak bat egingo du Rotterdam-go Nazioarteko Zinema Jaialdiarekin. Zinemaldi hau urtarrilaren 24tik otsailaren 4ra bitarte izango da, Herbeheretako hirian. IFFR Live ekimenaren baitan, Rotterdam-go zinemaldian eskainiko diren filmetatik bost zuzenean ikusi ahal izango ditugu, Rotterdamen estreinatzen diren une berean, bertan bagina bezala. Gainera, filmen aurretik izango diren aurkezpenak eta ondorengo solasaldiak ere zuzen zuzenean jarraitu ahal izango ditugu Tabakaleratik, eta baita horietan parte hartu ere sare sozialen bitartez, #livecinema traola erabilita Twitterren, eta baita Facebook eta Whatsapp bidez ere.

Aurten laurrenez antolatu du Rotterdam-go Nazioarteko Zinema Jaialdiak IFFR Live ekimena. 45 zinema aretok baino gehiagok hartuko dute parte egitasmoan, tartean dira Milan, Basilea, Sarajevo, Singapur eta Donostia, esaterako. Ondorioz, IFFR Live munduan zinemaldi batek egiten duen proiekzio saiorik handiena da, aldi berean munduko txoko ezberdinetara iristen dena.

Bost filmak bost emakumek zuzendutako lanak izango dira. Guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dira, lau gaztelaniazko azpitituluekin, eta Amateurs euskarazkoekin. Proiekzio aurreko eta ondorengo solasaldiak, berriz, ingelesez izango dira, itzulpenik gabe.

Sarrerak Tabakalerako webgunean (www.tabakalera.eu) eta eraikineko informazio puntuan eskuratu daitezke (3,5 €).

 

IFFR LIVE ekimenean eskainiko diren filmak

 

Ostirala, urtarrilak 26

17:00

Pin Cushion, Deborah Haywood, EB, 2017, 82'

Lyn eta Ioana elkarrekin oso ondo moldatzen diren ama-alabak dira. Herri berri batera joango dira bizitzera; biak irrikitan daude bizitza berri bat hasteko. Ioana Keely, Stacey eta Chelsearen lagun min bilakatuko da. Lyn, bere alabaren lagunik onena izaten ohituta, bakarrik sentituko da eta Belinda bizilagunaren lagun egitea erabakiko du. Dena ondo doala dirudi, baina ez bata eta ez bestea ez daude pozik. Gezur eta fantasietan babestea erabakiko dute.

Hiru hautagaitza British Independent Film Awards (BIFA) sarietarako, 2017.
Veneziako zinema jaialdiaren barruan egiten den Kritikaren nazioarteko astearen 32. edizioa hasteko hautatu zuten.

 

21:00

La Holandesa, Marleen Jonkman, Herbehereak, 2018, 82’

Maudek ez du onartzen ezingo duela seme-alabarik izan. Honen inguruan, eta Txilen oporretan daudela, eztabaida beroa izan du Frank bere bikotekidearekin. Liskarraren ondorioz, Frank utzi eta road trip bati ekingo dio. Europan estreinaldia IFFR jaialdiaren baitan.

Europan estreinaldia IFFR jaialdiaren barruan.

 

Larunbata, urtarrilak 27

16:00

Amateurs, Gabriela Pichler, Suitza, 2018, 102' JBAEUS

Ongi etorri Lafors-era! Berriro hasteko irrikitan dagoen Sueziako herri txiki bat. Itxaropena itzuliko da Alemaniako low-cost supermerkatu batek herrian lokal bat irekitzeko asmoa agertzen duenean. 500 lanpostu berrik guztia aldatuko dute! Gobernu lokaleko Musse-ri iragarki bat sortzeko ardura egokitu zaio supermerkatua konbentzitzeko eta Lafors “saltzeko”. Aida eta Danak borroka bat sortuko dute ez baitute nahi herriko batzuk iragarkian parte hartzea. Lafors-eko historia kontatzeko lehia hasi da!

2018 Göteborgeko nazioarteko zinema jaialdiaren irekierarako hautatutako filma.

 

20:00

Blue My Mind, Lisa Brühlmann, Suitza, 2017, 97’

Udako oporrak baino apur bat lehentxeago, Mia, 15 urteko neskatxa bat, Zuricheko aldirietara bizitzera joango da gurasoekin. Denbora luzez gurasoengandik urrun sentitu da, eta adoptatua al den galdetzen dienean ama samindu egingo da, baina ez dio erantzungo. Mia nerabe-jokabide basatian murgilduko da, guztiari aurre egin nahian; bien bitartean, bere gorputzean aldaketa bitxiak gertatzen hasiko dira. Hasieran ezingo dira hauteman ia-ia, baina ondoren gogorrak izango dira eta burua galtzen hasiko da. Etsirik, sexuaren eta drogen bitartez ihes egiten saiatuko da, estu-estuturik duen zurrunbiloa geldiarazi nahian. Baina natura indartsuagoa da.Miaren eraldaketa aurrera doa halabeharrez, bere barnean urteetan zehar lo egon eta orain nagusituko den izakian bihurtuko da.

65. Donostia Zinemaldiaren Zuzendari Berriak atalean parte hartu ondoren, bi sari irabazi zituen 2017ko Zurich Film Festival-en.
Critics' Choice Award + Golden Eye Best Film Focus Switzerland jaialdian.

 

Igandea, urtarrilak 28

15:00

Nico, Susanna Nicchiarelli, Italia, 2017, 93'

1988ko uztailaren 22an, bere heriotzaren lau egun ostean, New York Times-ek heriotza-ohar labur hau argitaratu zuen: "Espainiako uharte batean, Ibizan, bizikletatik erorita hil zen joan den ostiralean Nico, Velvet Underground talde poparekin kantatu eta Andy Warhol-en zinemaren izarretako bat bihurtu zen artista. 49 urte zituen".

60 hamarkadako underground kulturaren musari buruzko film biografikoa. Ikonoaren itzalean bizi izan zen emakume eta amaren birsortze-prozesuaren erretratua: Nicori dagoeneko ez zaio gehiegi axola ez bere itxura ezta bere karrera ere. Hala ere, Europako biran bere artearen esentzia aurkitu nahi duela dirudi. Bizitza nahasi baten ondorioei eta bere deabruei aurre eginez, Nicok nere semearekin daukan harremana berreraiki nahi du, aspaldi bere kustodia galdu eta gero.

2017an Les Arcs European Film Festival-ean epaimahaiaren saria irabazi zuen eta Veneziako jaialdian pelikula onenari saria.