Ubik sorkuntza liburutegiak ekainaren 2an ekingo dio berriz bere jarduerari | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2020-06-09 13:30

Ubik sorkuntza liburutegiak ekainaren 2an ekingo dio berriz bere jarduerari

Ekainaren lehen hamabostaldian maileguak eta itzulketak egiteko aukera izango da, eta Tabakalera txartela beharrezkoa izango da.

Ekainaren 16tik aurrera, espazioa irekiko da publikoarentzat zenbait murrizketekin.

Ubik sorkuntza liburutegia edukiera-kontroletara eta erabiltzaileei ohiko arreta eta zerbitzuak eskaintzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurrietara egokitzen ari gara Tabakaleran. Ubik berriz ere martxan jarriko da, eta era mailakatuan egingo du:

 

EKAINAK 2-15: MAILEGUAK ETA ITZULKETAK

Lehen 15 egunetan, liburutegiak maileguak eta itzulketak egiteko bakarrik funtzionatuko du, baina lekua ez da erabilera publikorako erabilgarri egongo. Emandako zerbitzuez gozatzeko, Tabakalera txartela aurkeztu beharko da lehenengo hamabost egunetan.

 

Zerbitzu hauek eskainiko dira:​

- Edukien mailegua: liburutegiko aldizkariak, bideo-jokoak, filmak, liburuak, diskoak eta abar. Mailegua gauzatzeko, lehenik erreserba egitea ezinbestekoa da eta erabiltzaileek ez dute materialarekin harreman zuzenik izango eta hiru aukera izango dituzte: 

1. Katalogoa: Ubik-en online katalogoan liburutegiak dituen 32.000 erregistro baino gehiago kontsultatu ahal izango dira, baita bilaketa espezifikoak egin eta edukiak erreserbatu ere..

2. Posta elektronikoa: ubik@tabakalera.eu

3. Telefonoa: 943475050

Erreserbatutako liburuak Ubiken sarrera nagusian jaso ahal izango dira, eskatutako segurtasun-neurri guztiak betetzeko berariaz egokituta. Liburutegiko sarreran bertan ere liburuak aurrez aurre eskatu ahal izango dira, eta zerbitzu berri bat eskainiz, Tabakalerara joan ezin duten erabiltzaileek etxera bidaltzeko eskaera egin ahal izango dute, mail edo telefonoz eta materiala postaz jaso EAEko edozein tokitan. Etxera bidalitako maileguen kasuan, dokumentuak erabiltzaileak itzuliko ditu, eta mezularitzaren bidez itzuli ahal izango ditu edo Tabakalerako itzulketa-guneetan entregatu.

- Materialaren itzulketa: Eraikinean dauden bi entrega-guneetan itzuliko da (Nestor Basterretxea plaza -0 solairua-, Andre Zigarrogileen plaza -1. solairua- eta Ubik -2. solairua-), Tabakalera irekita dagoen ordutegian. Liburuak berrogeialdian egongo dira eta, epe horren ondoren, liburutegiko hurrengo erabiltzailearentzat eskuragarri egongo dira. 

- Liburutegiko jolasen eta ohiko gailuen mailegua zerbitzuak momentuz etenda egongo dira. Ezingo dira eskatu (argazki-kamerak, bideo-kamerak, grabagailuak), baina bai itzuli.

- Ikerketan interesa duten erabiltzaile guztiek izango dute beren ikerketa-lanekin laguntza jasotzeko zerbitzua. Berriz ere abian jarriko da aholkularitza, jarraipena eta bitartekaritza-lana egiteko eskaintza, liburutegiko gaikako esparruak ardatz dituzten lanetan: Arte Ederrak, Pentsamendu Garaikidea, Artearen Historia, Kultura Digitala, Arkitektura, Ikus-entzunezkoak. Ikerketa-laguntza jasotzeko hitzordua eskatu beharko da.

- Bestalde, eduki proposamen eta gomendioak ere kontsultatu ditzakezu. Batzuk zuzenean deskargatu ahal izango dituzu eta besteak mailegu bidez eskatu. 

 

 

 

EKAINAren 16tik AURRERA: ESPAZIOA PUBLIKOARI ZABALIK

Erabiltzaileak espaziora sartu ahal izango dira, leku seguru batera, non edukiera kontrolatuz eta higiene- eta babes-neurriak hartuz zerbitzu gehiago izango dituzten eskura:

 

- Liburutegira maskararekin sartu beharko dute eta materiala zuzenean kontsultatzeko eta modu autonomoan egiten diren maileguetarako segurtasun-neurriak bete beharko dira. Horrela, norberak hartu eta itzuli ahal izango ditu dokumentuak liburutegiko sarreran dauden automailegu-makinen bidez.

- Familientzat lau gune bereizi ezarri dira, liburutegiaz familia-unitatearekin bakarrik biltzeko eta gozatzeko. Egoera horretan, eta segurtasun-neurriak kontuan hartuta beti, liburu multzo bat jarriko da familien eskura eta baita jolas bat ere. Erabili ondoren, maileguan hartzen ez dutena berrogeialdian jarriko da. Gainera, familia bakoitzak bere materiala ekarri ahal izango du.

- Liburutegiko ordenagailuen zerbitzua berriro martxan jarriko da (edizioa eta Internet), baina gailu gutxiago izango dira erabilgarri eta pertsona bakarreko erabilerarako.

Mahaien eta gainerako altzarien erabilera markatuta egongo da pertsonen arteko distantzia errespetatzeko eta, horrela, liburutegian irakurri, lan egin edo ikasi ahal izateko.

Posta bidezko mailegu-zerbitzuak aktibo jarraituko du, eta, beraz, Ubik-era joan ezin dutenek, Tabakalera txartela baldin badute beti, EAEko edozein tokitan jaso ahal izango dituzte etxera helaraziko zaizkien edukiak.

 

Konfinamendu-etapan bezala, Ubikek online jardueren programa egiten jarraituko du, Tabakalera Etxean-en jarraitu ahal izango dena.

 

Ordutegia: Asteartetik larunbatera: 10:00-20:00 / Igande eta jaiegunetan: 10:00-14:00

Zalantzak eta kontsultak: ubik@tabakalera.eu/943475050