Wikipedia eta ezagutzaren eraikuntza kolektiboa eztabaidagai Tabakaleran | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak
2021-06-11 12:15

Wikipedia eta ezagutzaren eraikuntza kolektiboa eztabaidagai Tabakaleran

Antonio Casado, Eduard Aibar eta Marina Garcés izango dira astelehenean Tabakaleran egingo den "Wikipedia praktika-komunitate gisa" jardunaldiko hizlariak.

Medialab Tabakalerak, UPV/EHUko Uda Ikastaroekin elkarlanean, Wikipedia aztergai izango duen mahai-ingurua antolatu du datorren astelehenerako, 18:00etatik 19:00etara, erremintak praktika-komunitate gisa duen izaera azpimarratuz. Presentzialki (aurretiko izen-ematearekin) eta streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izango da mahai-ingurua Tabakalera Online-n.

Antonio Casado filosofian doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Eduard Aibar Universitat Oberta de Catalunyako (UOC) Arte eta Giza Zientzien Saileko irakaslea eta Marina Garcés Zaragozako Unibertsitateko Filosofiako irakasle titularra izango dira "Entziklopedia libre eta poliglotaren" gai edo ezaugarri ez hain ezagunei buruz jardungo diren gonbidatuak. Honako hauek izango dira gai horietako batzuk: ezagutza maila ezberdineko (aditu, amateur,...) pertsonen arteko hartu-emana, Wikipediako iritzi/joera aniztasuna edo eztabaida eta adostasunaren arteko erlazioa. Era berean, balioa emango zaio ezagutza modu irekian trukatzeari, ezagutzaren pribatizazio eta merkaturatzea gero eta deigarriagoa den honetan.

Wikipedia ezagutza, ikaskuntza eta esperientzia partekatuak oinarri dituen eraikuntza kolektiborako erreminta da. Interes komunekoa da gainera, eta ezaugarri guzti horiek praktika-komunitate bihurtzen dute.

Tabakalerako Medialab hiritarrentzako sorkuntza-zentro gisa aldarrikatzen du mahai-inguru honek, izan ere, hiritarren eskura jarri nahi ditu bere baliabideak, edozein dela ere erabiltzaileen adina, ibilbidea edota ezagutza maila. Horretarako, Medialab Tabakaleratik hainbat baliabide jartzen dira hiritarren eskura, ezagutza, teknologia eta ikasteko prozesuak errazteko, ezagutza berriak sortzeko, esperimentatzeko edota proiektuak garatzeko.

Gainera, Wikipedia protagonista izango da berriro Tabakalerako Medialaben uztailaren 16an, Wikipedia-Wikimedia editatoiaren bigarren edizioarekin. Bertan, komunikazioa, konpromiso soziala, informazioaren kudeaketa eta herritartasun digitala bezalako gaiak aztertuko dituzte.

 

PARTE-HARTZAILEEN BIOGRAFIAK

Antonio Casado da Rocha Filosofian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Auzi etiko garaikideak eta praktika komunitateak ikertzen ditu. Gipuzkoako campuseko Euskara eta Kultura Zuzendari ohia eta Unibertsitate Eszena Arteak (unea) elkartearen sortzaileetako bat. Bere azken liburua: Una casa en Walden y otros ensayos de cultura contemporánea (Pepitas, 2017).

Marina Garcés Filosofiako irakasle titularra da Zaragozako Unibertsitatean eta UOC-eko ahokularia. Bere laneko gaiak “izan litekeena izan litekeenaren kontra” pentsatzeko premiaren inguruan eratzen dira, jarrera filosofiko, politiko eta kultural moduan. En las prisiones de lo posible eta Ojos para un mundo común izeneko liburuen egilea da eta aldizkari eta argitalpen kolektibo askotan parte hartu du. 2002. urteaz geroztik Espai en Blanc izeneko proiektu kolektiboa sustatu eta koordinatzen du, pentsamendu filosofikoarekin harreman konprometitu, praktiko eta esperimentalaren aldeko apostu kolektiboa dena. Horrez gainera, beste unibertsitate batzuekin ere kolaboratu du, besteak beste UOC-ekin, Alcalá-ko Unibertsitatearekin eta Gironako Unibertsitatearekin, hainbat masterren bitartez. Gaur egun, Bartzelonako Institut del Teatre Praktika Eszeniko Garaikideeen Masterreko irakasleen lan-taldean dihardu.

Eduard Aibar irakaslea da UOCeko Arte eta Humanitate Sailean, eta Open Science and Innovation (ESI) ikerketa taldeko zuzendaria. Zientzia eta teknologiako ikasketei eta ikerketaren diseinuari buruzko irakaskuntza ematen du, graduko, graduondoko eta doktoregoko hainbat titulaziotan. Lan ugari argitaratu ditu garapen zientifiko-teknologikoaren eta gizarte- eta antolaketa-aldaketaren arteko elkarrekintzari buruz, eGovernment, hirigintza edo Internet bezalako esparruetan. Zientzia Irekia, Lankidetza Ekoizpena eta Wikipedia ikerketak egin ditu berriki.

 

Informazio praktikoa

Eguna: astelehenea, 2021eko ekainak 14

Ordua: 18:00

Lekua: Z aretoa (1. Solairua)

Izen-emateak

Streaminga