Zinemaldia + Plus fokuan hamar film labur proiektatuko dituzte, Nest lehiaketaren 20 urteko ibilbidean parte hartu duten 300 film laburren artean hautatu dituztenak | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak
2021-10-08 11:15

Zinemaldia + Plus fokuan hamar film labur proiektatuko dituzte, Nest lehiaketaren 20 urteko ibilbidean parte hartu duten 300 film laburren artean hautatu dituztenak

Tabakalerako pantaila partekatuan bosna film izango dira ikusgai urriaren 9an eta azaroaren 6an.

Donostia Zinemaldiko Nesten –zinema-ikasleen nazioarteko lehiaketaren– hogeigarren urteurrena ospatzeko, Zinemaldia + Plus fokuak hamar film labur proiektatuko ditu, urte horietako guztietako ia 300 parte-hartzaileen artean hautatutakoak. Lanak –Donostian eta beste jaialdi batzuetan sarituak asko– Tabakalerako pantaila partekatuan izango dira ikusgai bi saiotan: urriaren 9rako bost programatu dira eta azaroaren 6rako beste bost.

Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle ohi Noemi Cuetos eta Marcela Hinojosa aritu dira komisario-lanetan, eta Cuetosek eta Hinojosak hautatu dituzte, hain zuzen, hamar filmak hainbat irizpidetan oinarriturik. Nest lehiaketaren 20 urteko historiaren lagin adierazgarri bat osatzeko, hainbat kontinentetako eskoletako proposamenak aukeratu dituzte, “betidanik sailaren ezaugarri izan direlako eklektikotasuna eta askatasuna”, baita “lengoaia zinematografikoaren zein edukiaren aldetik garrantzitsuak diren lanak” ere.

Zinemaldiaren 69. edizioko egunkarian Nest lehiaketaren bi hamarkadei buruzko artikulu bat argitaratu zuten Cuetosek eta Hinojosak, eta saio honetarako bi motatako zinemagileen filmak hautatu dituzte: batetik, ondorengo lanekin ibilbide arrakastatsua izan dutenenak nazioarteko zinema-jaialdien zirkuituan eta/edo Donostian beste sail batzuetan parte hartu dutenenak; bestetik, halako oihartzunik ez izan arren, “forma eta narratiba berritzaileak” erabili dituzten zinemagileenak.

Hala, Tabakalerako zinema-aretoan, larunbat honetan ikusgai izango diren lanen artean dago Greenland (2014), Oren Gernerrena. Nesten Panavision saria lortu ostean, Gabriel (2018) bere film labur berriarekin lehiatu zen Cannesen, eta Zinemaldira –New Directors sailera– Africa (2019) bere lehen film luzearekin itzuli zen. Antzekoa da Isabel Lambertiren kasua: Nesten Torino Award golardoa eskuratu zuen Volando voy / I’ll Fly Higher (2015) film laburrarekin eta bere hurrengo bisitan Kutxabank-New Directors saria La última primavera / Last Days of Spring (2020) lehen film luzearekin.

Lehen proiekzioan ere programatuta dago El enemigo / The Enemy (2015), Aldemar Matíasi Short Film Corner saria ekarri ziona. Zinemagile horrek Berlinaleko Panorama sailean aurkeztu zuen La arrancada (2019) lehen film luzea. Pude ver un puma / Could See a Puma (2012) Eduardo ‘Teddy’ Williamsena da, zeinak handik urte batzuetara Locarnoko zinema-jaialdian lehen lan onenaren aipamen berezi bat eskuratu baitzuen El auge del humano (2016) filmarekin, aurreko urtean Donostia Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu eta gero. Saioko bosgarren filma Roxana Stroeren O noapte în Tokoriki / A Night in Tokoriki (2016) izango da, Berlinaleko Generation 14plus Nazioarteko Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuena. Aurretik, Stroek Black Friday (2015) film laburrarekin hartu zuen parte Nesten.

Zinemaldia + Plus fokoak Nesti eskainiko dion bigarren saioa azaroaren 6an izango da. Orduan izango da ikusgai Nueva vida / New Life (2015) Kiro Russori sail horretako Orona eta Panavision sariak ekarri zizkiona, besteak beste. Horren ondoren, hainbat aldiz itzuli da Russo Donostiara: 2016an Ikusmira Berriak saileko egoitzetan parte hartzeko; Horizontes Latinos sailean lehen film laburra aurkezteko, Viejo calavera / Dark Skull (2016), Locarnon Epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu zuena; eta, azkenik, Zabaltegi-Tabakalera sailean El gran movimiento (2021) aurkezteko, Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti saileko Epaimahaiaren Sari Bereziaren irabazlea.

Ikusgai izango da baita ere Les oiseaux-tonnerre / Thunderbirds (2014), Nesten parte hartu aurretik Canneseko zinema-jaialdiko Cinéfondation-en egon zena. Ondoren, Léa Mysius zuzendariak SACD Award eskuratu zuen Cannesko Kritikarien Astean Ava (2017) lehen film luzearekin. Hurrengo urtean, Donostia Zinemaldiko New Directors sailean epaimahai aritu zen, eta egun bigarren film luzea prestatzen ari da: Les cinq diables. Hautatutako beste film labur bat Mila Zhluktenko eta Sylvain Cruiziaten Find Fix Finish (2017) da, Documenta Madrid eta IndieLisboa jaialdietan saritua. Ondoren, Zhluktenko Binokl / Opera Glasses (2019) filmarekin itzuli zen Nestera eta Cruiziatek The Raft (2019) film laburra eraman zuen Torontoko jaialdira.

Beste bikote batek, Marcos Valínek eta David Alonsok osatzen dutena, Atención al cliente / Customer Service (2007) zuzendu zuen, animaziozko film labur onenaren Goya sarietarako izendatuta egon zena. Valínek arlo horretan jarraitu du lanean eta hainbat film zuzendu ditu, besteak beste, Tadeo Jones: El secreto del rey Midas (2017). Alonsok, aldiz, animatzaile-lanak egin ditu hainbat ekoizpenetan, esaterako Ma vie de Courgette (Claude Barras, Perlak, 2016) eta Isle of Dogs (Wes Anderson, 2018). Saioko bosgarren izenburua, Filipiñana (2020), Rafael Manuel zuzendariarena da. Nesten parte hartu aurretik film labur onenaren Zilarrezko Hartza eskuratu zuen Berlinalean. Aurten berriz izan da Nesten, baina ekoizle moduan after a room (Naomi Pacifique, 2021) film laburrarekin (Zilarrezko Pardinoaren irabazlea Locarnon).

Urte osoko Zinemaldiaren Z365 kontzeptuaren esparruan, Zinemaldia + Plus fokua duela hamabi hilabete abiarazi zuten. Orduz geroztik, hauek izan dira, besteak beste, ekimenaren ardatzak: Ikusmira Berriak programa, Donostian izan diren zinemagileen aurreko lana (Lehen Urratsak) eta industriako pertsona garrantzitsuei zuzendutako karta zuriak.