- Zinemaraaaa: Zinema-aretoa ireki da - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak

Zinemaraaaa: Zinema-aretoa ireki da

Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat zine saioak

 

Filmek egunerokoan presente ditugun bizipen, egoera, eztabaida eta gai ezberdinak irudikatzeko gaitasuna dute. Aukera ematen digute elkarrizketa eta prozesu ezberdinak abiatuz, inguratzen gaituzten gaiekiko begirada kritikoa eraikitzeko. Zinemaraaaa proiektuan aukeratutako filmak baliabide hezitzaile bezala erabiltzen ditugu, ikusentzunezkoaren formaren garrantziari ere arreta eskainiz.

Ikasturte honetan zehar, elkar eragiten duten bi proposamen ditugu.

Batetik, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasle-taldeek Tabakalerako zine-aretoan ikusteko aukera izango duten hiru film proposatzen dira. Aukeraketa irakasle talde batekin, Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleekin eta Tabakalerako zinema arloarekin batera burututako prozesuaren emaitza da.

Bestetik, filmen elementu ezberdinak deslotuko ditugu (eduki mailakoak, zinemagintzarekin lotutakoak, praktikoagoak,...) hezitzaileekin tresna gisa erabili eta beraien prozesu propioak abiatzeko aukerak zabalduz. 

 

Abenduak 16 edo 17: Tódalas mulleres que Coñezo

 

TÓDALAS MULLERES QUE COÑEZO

XIANA DO TEIXEIRO, ESPAINIA, 2018, 

71’ DCP JB GALIZIERA-EN-ES, AZP. ES

Pertsonaletik politikora, hainbat emakumeren bizipenek agerian uzten dute zenbateraino den maskulinoa eta bortitza kalea gaur egun. Lagunekin, kideekin eta Bigarren Hezkuntzako ikasleekin izandako hiru elkarrizketa esanguratsuen bidez, zuzendariak beldurra sustatuko ez duen beldurraren inguruko diskurtsoa egituratzeko saiakera egin du; bortitza izango ez den indarkeriari buruzko diskurtsoa. Zinema zuzena eta horizontala, autokritika eta kontakizunaren haustura. Sororitate unibertsalari buruzko istorioa. 

Saio honetan gurekin egongo da Xiana do Teixeiro filmaren zuzendaria. Proiekzioaren ostean elkarrizketarako aukera izango dugu.

 

Martxoak 30 eta 31: Tomboy

 

TOMBOY

CÉLINE SCIAMMA, FRANTZIA, 2011, 

82’ DCP, JB FR, AZP. EUS

Familia frantziar bat auzune berri batera aldatu da udako oporraldian euren bi alabekin, 10 urteko Laure (Zoe Heran) eta 6 urteko Jeanne (Malonn Levana). Jean Seberg bezala ilea moztuta eta mutiko jokamoldearekin Laurek mutila dela, Mikael, sinestarazi die auzuneko lagun berriei. Uda jolasean igarotzen ari dira eta lagun berria, Lisa (Jeanne Disson) maitemindu egingo da berarekin. Mikael eta Lisaren arteko harremana gero eta estuagoa da eta nerabeen arteko amodio-istorioa sortuko da. Gurasoen etxean eta ahizpa gaztearekin Laure da, eta kalean, lagun berriekin eta neskalagunarekin, Mikael. Zoritxarrez, gezurra ezin da betiko gorde eta gauzak aldatzen hasiko dira. Bi aste falta dira eskolara bueltatzeko. Laurek eta bere gurasoek errealitatea eta bere ondorioak onartzen ikasi beharko dute. 

 

Ekainak 8-9: Güeros

 

GÜEROS

ALONSO RUIZPALACIOS, MÉXICO, 2014,

106´ ES

Sombra eta Santos linbo arraro batean bizi dira UNAMeko greba hasi zenetik. Zein alde hartu jakin gabe, eskolarik gabe, asmorik gabe, denbora pasatzeko modu arraroak asmatzen dituzte lagunek. Baina bere errutina eten egiten da Tomasen, Sombraren anaia gazteenaren, ustekabeko etorrerarekin. Tomasek jakingo du bere heroia, Epigmenio Cruz, hirurogeiko hamarkadako abeslari mitikoa, ezkutuko ospitaleren batean hilzorian dagoela eta Sombra eta Santos omenaldia egitera joateko konbentzituko ditu. Epigmenioren bilaketa hiru eguneko bidaia bihurtuko da Mexiko Hiriko muga ikusezinak zeharkatuz, euren buruengandik eta atzean utzi uste izan zuten grebatik ezin dutela ihes egin jakinaraztera eramango dituena.

 

Norentzat: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak.

Izen-ematea: hezkuntza@tabakalera.eus (Gutxienez bi aste lehenago eman behar da izena. Beste ordutegi eta adinen edo talde handien kasuan, galdetu).

 

Azpitituluak: