T Game - Bideo-jokoak. Play Without End - Harun Farocki, Zach Blas, Natalie Bookchin , Anna Anthropy , Jan Peter Hammer, Iñaki Gracenea, Sahatsa Jauregi, Melanie Gilligan | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak

Bideo-jokoak. Play Without End

© David Sáenz

 

 

Liburuxka: T Game (PDF formatoa)

Jokoaren ideia erradikalki zabaltzeko asmoa partekatzen zuten 60ko hamarkadatik aurrera kritika artistikoa erakundeetara eta aurretiaz finkatutako gizarte-egituretara bideratu zuten abangoardiek. Den-denek dute behaketa eta parte-hartzea, lana eta aisialdia, jokoa eta eguneroko bizitza banatzen dituzten oztopoak eraisteko asmoa: testuinguru horretan kokatu behar ditugu, besteak beste, Fluxus mugimendua, Internacional Situacionista erakundea, Happening-a eta multimedia-instalazioa.

Eraldaketa-amets horiek zuten energia utopikoa agortu eta gero, badirudi jokoaren espazioak gainezka egin duela; are gehiago, ordena sozialaren antolaketa bera hasi da orain jokoaren logika abstraktu, espekulatzaile eta agonistikoak agindutakoa betetzen.

Gamifikazioa edo jokoa eguneroko praktiketan txertatzea gako-ideia bat da erakusketa honetako obretara gerturatzeko; izan ere, gaur egun, finantza globaletan, hezkuntzan, hedabideen narratibetan, ariketa anitzetan eta entrenamenduan gertatzen da, baita antzina bere aztikeriatik kanpo zeuden esferetan ere. Jokoak errealitate sozialerantz izan duen zabalkuntza hori bat dator kultura digitalaren eta bideo-jokoen etorrerak eragin duten gizarte-eraldaketa sakonarekin.

Ustekabean, teknologia digitalak behar-beharrezko ordezko elementu eta protesi bihurtu dira berezkoak zaizkien harreman- eta gizarte-gaitasunen zati handi bat galdu duten gorputzentzat. Zalantzarik gabe, COVID-19a agertu izanak bortizki handitu du gizartea osatzen duten prozesu ekonomikoak, sinbolikoak eta kulturalak ulertzeko erabiltzen ditugun kodeen mutazioa. 

Ildo beretik, autore askok diote ezen, formatu gisa, bideo-jokoa nolabaiteko erreferentziazko eredua dela beren eguneroko bizitza arruntaren zati handi bat puntu eta hobarietan, errendimendu-maila eta grafikoetan eta norberaren jardunaren etengabeko hobekuntzan oinarritutako mota guztietako programak erabiltzen dituzten herritarrentzat.

Bideo-jokoak. Play Without End erakusketa-proiektuak hainbat artistaren lanak biltzen ditu, eta denak ala denak izan dira gai lan horien bitartez aipatutako prozesuen berezitasuna ulertzeko; horretarako, bideo-jokoen dimentsio artistikoa eta aukera politiko eta kulturalak aztertu dituzte. Horrenbestez, eta onartuta bideo-jokoek protagonismo eztabaidaezina eskuratu dutela bitarteko gisa, Tabakalerako Arte Garaikidearen arloak proposatzen du bideo-jokoa bera analisirako eta hausnarketarako tresna gisa erabiltzea. Azken batean, haren ingeniaritzak (ekintzan, parte-hartzean eta jardunean oinarritutakoa) algoritmoekin dugun harremanaren giltzarriak ezkutatzen ditu, betiereko jokalari gisa eratzen gaituen sekretua. 
 

 

T Game(r)en jarduera gehiago:

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.

Gonbidatuak

Harun Farocki

Artista eta zinemagilea

Zach Blas

Artista

Anna Anthropy

Jolasen diseinatzaile eta historialari independentea