Fokuak (FK) - Fokua: Kelly Reichardt - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
icono-entradas.png  Sarrerak eta izen-emateak

Fokua: Kelly Reichardt

Bai fikzioaren paisaiak

 

 

Bai fikzioaren paisaiak

Hirurogeita hamarreko hamarkada zen, eta Kelly Reichardtek gogoratzen du Miami poliziaz betetako hiria zela. Telesailek krimen-eszenak, flamenkoak ilunabarrean eta kabrioletak (Miami Vice) erakusten zituzten, baina jakin-min artistikoak zituen nerabe baten bizitza munduaren amaierako beste edozein lekutan bezain aspergarria zen. Argazkigintza-eskolak eta errebelatze-laborategiko argi gorria ia-ia indargune bihurtu ziren, eta bultzada izan ziren ahalik eta azkarren urrun, oso urrun, ihes egiteko, ustez gauzak eta bizitza gertatzen ziren lekura. New Yorkera, adibidez.

Kelly gaztetxoa autora igo, aurreko panelean errepide-mapa bat zabaldu eta iparralderantz abiatu zen 95 autobidetik, basoak eta gero eta zelai hotzagoak zeharkatuz. Natura eta paisaia bere filmografia osoaren parte izatera igaro ziren gero; hortaz, lehenengo bidaia hori hastapen-esperientzia gisa uler dezakegu, bere obra guztian errebelatzen joango den lehenengo film gisa.

Imajinatu dezagun orain New York auto baten leihotik. Kelly Reichardtek skyline edo eraikinen silueta behatzen du eta gidatzen jarraitzen du; abiadura ere azkartzen du, etxe‑orratzak atzean utzi eta Bostonen amaitu arte, 211 miliara iparralderantz. Batzuetan, patuak beste koordenatu eta denbora batzuk maneiatzen ditu.

Han finkatu zen eta bertan ezagutu zuen zinema, lehenengo MassArt-eko gaueko eskoletan eta ondoren The Museum School eskolan. Zinema deskubritzeak tresna eta izen hauek deskubritzea esan nahi du: zeluloidea, Bolex kamera, Super 8; Fassbinder, Fellini, Buñuel, Kurosawa. Orduan bai, irudi horiek guztiak barnean izanik, 88ko udan Reichardt New Yorkera joan zen bizitzera.

Orain, "underground eta adiskidetasuna" deitu geniezaiokeen aldi batean sartuko gara; bi ezaugarri horiek berarekin joango dira harrezkero eta betiko. Zinema independentea dirurik ez zuen zinema zen, lagunekin egindako zinema, larrialdietarako irteerarik gabeko taberna batean gauero jotzen duen musika-talde horien antzeko zinema. Reichardtek zuzendari sortu berrien aurrekontu txikiko filmaketak bestelako lanekin uztartzen zituen, hilabete amaieran alokairua ordaindu ahal izateko. Orduan ezagutu zuen Todd Haynes, Poison (1991) filmaren arte-taldean lan egin zuenean. Orduan ezagutu zuen Ted Hope ekoizlea, Good Machine ekoiztetxea abian jarri zuena. Ekoiztetxeko nominan zeuden, besteak beste, Ang Lee, Todd Solondz edo Claire Denis. Banden mundua, hala nola Sonic Youth (Reichardtek kontzertuen munduan lan egiten zuen Broadway 611 helbideko The Labor Board lokalean), indie zinemaren munduarekin eta laurogeita hamarreko energia berri iraultzailearekin gurutzatu ziren orduan. Garai horretan bihurtu zen Sundance zinema-jaialdia erdigune berri.

Reichardten lehen filma (River of grass, 1993) Sundance zinema-jaialdian estreinatu zen, non bestela. Zuzendariak gogoratzen du bost egun behar izan zituela New Yorketik Utahra trenez bidaiatzeko, trenbideak izoztu egin zirelako. Beste behin ere, bidaia, trenak, geltokiak, distantziak eta hiri-paisaia natura basati bihurtzen.

Hamar urtetik gora igaro ziren bere lehenengo filmaren eta bigarren film luzearen (Old Joy, 2006) artean. Emakumea izatea eta zinema independentea egitea horixe zen, lanean jarraitu ahal izateko segurtasunik ez izatea.

Aldi horretan, Kelly etxe batetik bestera ibili zen, lagunen etxeetan lo egin zuen, film ertain bat filmatu zuen Super 8an Ipar Karolinan (Ode, 1999), eta gero bi film labur (Then a year, 2021; eta Travis, 2004); lan horiek zinemagile gisa trebatzeko lantzat hartzen ditu. Irakasle-lanetan hasi zen Bard College arte-unibertsitatean,  Hudson ibaiari eta Catskill mendiei begira zegoen horretan. Reichardtek inoiz kontatu du irakastea zinema ikasteko bere modua dela. Filmak behin eta berriz berrikusten dituen irakasle horietako bat da, kamera non dagoen eta zergatik dagoen han galdetuz bere buruari.

2006. urtea; bere ibilbideko beste une gakoetako bat izan zen. Zinemagile gisa izandako ibilbide osoan konplize bihurtu zitzaion idazle lagun bat aipatu behar dugu orain: Jon Raymond, Oregonen girotutako kontakizun laburren idazle eta nobelagilea, eta Reichardten film gehienen gidoilaria: Old Joy (2006), Wendy and Lucy (2008), Meek's Cutoff (2010), Night Moves (2013), First Cow (2019). Une horretan, Miamiko kosta modernistatik eta New Yorkeko grunge erritmotik mendebaldeko Amerikara igaro zen; Ipar Pazifikoko harri, mendi eta basoetara.

Halaber, Kelly Reichardtek une horretan hartu zuen aintzat bere zineman Ipar Amerikako eleberri garaikidearen eta kontakizun laburraren literatura-tradizio osoa. Bai fikzioa, detaileekiko arreta, amaierarik gabeko paisaia baten erdian beren patua bilatzen ari diren pertsonaiak, adiskidetasuna intimitate gisa, intimitatea errepide gisa, errepideak elkarrizketa gisa, elkarrizketak irudi gisa, irudiak leiho gisa, leihoak biografia gisa, biografia zinema gisa, zinema idazketa gisa, zeluloidea (16 mm eta 35 mm) kaligrafia gisa eta kaligrafia 27 urteko ibilbidean Reichardtek bere zazpi film luzeetako bakoitzean idatzi dituen postalen atzealde gisa:

"Bidaiak jarraitu egiten du. Laster ikusiko dugu elkar. Atzo, ilunabar zoragarri bat ikusi nuen. Ez zaitut ahazten. KR".

 

 

Apirilak 10, larunbata, 19:00

River of Grass, Kelly Reichardt, AEB, 1994, 75'

 

Apirilak 17, larunbata, 19:00

Owl, Kelly Reichardt, AEB, 2019, 4'

Old Joy, Kelly Reichardt, AEB, 2006, 76'

 

Maiatzak 7, ostirala, 19:00

Wendy and Lucy, Kelly Reichardt, AEB, 2008, 80'

 

Maiatzak 22, larunbata, 19:00

Meek's Cutoff, Kelly Reichardt, AEB, 2010, 104'

 

Maiatzak 29, larunbata, 19:00

Night Moves, Kelly Reichardt, AEB, 2013, 112'

 

Ekainak 19, larunbata, 19:00

Certain Women, Kelly Reichardt, AEB, 2016, 107'

 

Ekainak 26, larunbata, 19:00

First Cow, Kelly Reichardt, AEB, 2019, 121'

En colaboración:

Fokuak (FK)

Nazioarteko zinegile garaikideen berrikustea

  • Data: Larunbata, 2021ko apirilak 10 > Igandea, 2021ko ekainak 27
  • Lekua: Cine
  • Sarrera: Sarrerarekin
Sarrerak